Tokiko Gobernu Batzordeak bihar onartuko du enpresa txikiei zuzendutako deskarbonizazio-proiektuen garapena sustatzeko laguntza-lerroaren bigarren deialdia, 2026an EH Bilduren eta Udal Gobernuaren artean adostutako aurrekontu-akordioari esker posible izan dena.
Horri esker, Udalak bost ardatz nagusitan bildutako ekintzak diruz lagunduko ditu: energia-kontsumoa murriztea, kudeaketa energetikoa, energia-trantsizioa, baliabide naturaletan oinarritutako soluzioak ezartzea (SBN) eta mugikortasun jasangarria.
Ekaitz Diaz de Garayo EH Bildu udal-taldeko zinegotziak, nabarmendu duenez, “Gasteizko eragile guztiek inplikatuta egon behar dute udalerriaren deskarbonizazioan, eta, horretarako, Udalak eskua luzatu behar die, eta prozesu horretan lagundu. Lehen deialdia arrakastatsua izan zen eta horrek agerian utzi du bide onetik aurrera egiten ari garela, eta herritarren eskutik egin dugula bidea. Gaur beste deialdi bat aurkeztu dugu, 550.000 eurokoa, enpresa txikiei eta mikroenpresei zuzendua, sektoreari karbono-neutraltasunaren etorkizunerako bidean laguntzen”.
“Lehenengo deialdiak izandako arrakasta (19 enpresak jaso zituzten laguntzak) ikusita, 150.000 euro gehitu dugu deialdi honen aurrekontua, eta 550.000 eurora iritsi gara, laguntza horien eskaera gero eta handiagoari erantzuteko. Zalantzarik gabe, Arabako eta Gasteizko enpresen sareak karbono gutxiko ekonomiarako bidean egin beharreko trantsizioan duen inplikazioa txalogarria da”, adierazi du María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak.
Laguntza horiei esker, enpresa interesdunek, berritasun gisa, argiztapen- eta kontrol-sistemak berritu ahal izango dituzte teknologia eraginkorraren bidez. Jarduketa hori aurreko ekitaldian ezarritako beste batzuei gehitu behar zaie, hala nola makinak modernizatzea, instalazioen egokitzapen termikoa egitea, eguzki-energia fotovoltaikoko sistema instalatzeko amiantodun estalkiak kentzea eta birkarga-puntuak dituzten eguzki-aparkalekuak egokitzea, besteak beste
Enpresa onuradunek 50 soldatapeko baino gutxiago izan beharko dituzte, eta urtean 10 milioi eurotik beherako negozio-bolumena.
Enpresa bakoitzak laguntza bat eskatu ahal izango du, eta aurkeztutako proiektuek gutxienez 6.000 euroko (BEZa kanpo) diruz laguntzeko moduko inbertsioa izan beharko dute. Gastuak 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko otsailaren 26ra bitartean egin beharko dira (bi egun horiek barne).
Laguntza ekonomiko horiek itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira, lehia-konkurrentziako erregimenean.
Eskaerak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Herritarrei Arreta Emateko Bulegoetan, deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunetik 2026ko irailaren 18ra arte (egun hori barne).