Gasteizko Udalak hiriko bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema publikoa ezartzeko eta kudeatzeko kontratua atera du lehiaketa publikora. Kontratuak 5 urteko indarraldia izango du eta 50 bizikleta elektriko erostea eta, intermodalitatea errazteko, puntu estrategikoetan kokatuko diren lau karga-estazio instalatzea jasotzen du: Antso Jakitunaren kalea, Leizaola Lehendakariaren plaza, Iparralde gizarte-etxea eta autobus-geltokia.
Proiektuak 450.000 euroko aurrekontua izango du honela banatuta: 300.000 euro EH Bildurekin adostutako aurrekontu-akordiotik jasota, eta Europako Next Generation funtsek finantzatutako 150.000 euro. Enpresa esleipenduna arduratuko da bizikletak erosteaz, estazioak instalatzeaz eta horien funtzionamendurako beharrezkoa den sistema teknologikoa garatzeaz, erregistroak kudeatzeko, ordainketak egiteko eta bizikletak erabilgarri dauden ala ez denbora errealean jakiteko aukera emango duen app mugikor bat barne.
Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoen eta Auzoen zinegotziak azpimarratu du urrats hori oso garrantzitsua dela Gasteizek mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen apustua sendotzeko: "Proiektu hau aurrerapauso nabarmena da Gasteizen mugikortasun jasangarriarekiko eta bizi-kalitatea hobetzearekiko gure gain hartutako konpromisoari dagokionez. Bizikleta elektrikoen sistema honekin, herritarrentzako garraio garbi eta eraginkorreko alternatiba bat errazteaz gain, aukera berri bat eskaintzen dugu, pertsona gehiagok eguneroko garraiobide gisa bizikletak dituen abantailak ezagut ditzaten. Hiri irisgarriagoa, kutsadura gutxiago duena eta hobeto konektatuta dagoena lortzeko aurrerapausoa da, eta hiriko mugikortasun jasangarrian erreferente gisa dugun posizioa indartuko du”.
Bestalde, EH Bilduko zinegotziak, Rocío Viterok, proiektu honek hiriko mugikortasunean izango duen inpaktu positiboa azpimarratu du: “Proiektu honek mugikortasun segurua, jasangarria eta osasungarria bultzatuko du. Alde batetik, intermodalitatea erraztuko duen bitarteko bat eskainiko dugu modu estrategikoan banatuta egongo diren karga-puntuei esker, eta, bestetik, Gasteiz bizia, garbia eta ekologikoa mantentzen lagunduko dugu. “Bizikleta elektrikoak mailegatzeko sistema hau martxan jarrita, beste urrats bat egin dugu bizilagunei eguneroko joan-etorriak egiteko aukera berri eta interesgarri bat eskaintzeko". Gainera, bisitan datozenentzako zerbitzu interesgarria ere izango da”.
Kontratuaren plegu teknikoak ezartzen du sistema gehienez lau hilabeteko epean egongo dela martxan, kontratua sinatzen denetik zenbatzen hasita. Enpresa esleipendunak zerbitzua bat bermatu beharko du egunero 24 orduz, urtean 365 egunez, eta funtzionamenduan dauden bizikleten % 85eko gutxieneko eskuragarritasuna eskaini beharko du. Gainera, kontratuak bi urteko bermea ematen du sistemaren elementu guztientzat, eta bost urtekoa bizikleten koadrorako.
Sistemak teknologia aurreratua izango du, erabiltzaileek erregistratzeko eta bizikleten erabilera App mugikor baten bidez kudeatzeko aukera izango dute. Aplikazioak aukera emango du ordainketa modu seguruan egiteko, ordainketa mota erregistratzeko eta hautatzeko, bizikleten eta estazioen egoera denbora errealean kontsultatzeko eta estazioak geolokalizatzeko.
Gainera, bizikletek GPS teknologia izango dute kokapena eta segurtasuna bermatzeko. Bizikletak modu eraginkorrean banatuko dira estazioen artean uneoro bizikletak eskuragarri izatea bermatzeko (bereziki puntako orduetan).
Proiektuaren helburua da herritarren artean mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzea eta hiria bisitatzen dutenentzako aukera alternatiboa eskaintzea. Sistemak ibilgailu pribatuen erabilera murrizten eta hiriaren ingurumen-kalitatea hobetzen laguntzea espero da, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren helburuekin bat etorriz.
Udalak aldizkako ebaluazioak egitea aurrez ikusi du, sistemaren erabilera aztertzeko eta etorkizunean estazioen eta bizikleten kopurua handitzeko aukera aztertzeko, eskariaren eta erabilera-ohituren arabera.