AKTUALITATEA


| 2020-03-05 13:50:00

Amvisa sozietate publikoko zuzendaritzak obra eta zerbitzu ezberdinak esleitzeko hainbat proposamen eraman ditu gaurko administrazio kontseilura. Aipatutako kontratuetatik bitan, sozietateko kontratazio mahaiak Studio Técnico de Obras y Arquitectura -STOA- enpresari esleitzea proposatu du. Jakina denez, ustelkeriagatiko 'De Miguel auzi'-ko sumarioan, lehen instantzian kondenatua izan da Sergio Fernandez Oleaga, enpresako administratzaile bakarra, funtzionario-eroskeria eta agiri pribatuak faltsutzea egotzita.

Amvisako administrazio kontseiluan EH Bilduk dituen bi ordezkariek bat egin dute oposizioko beste talde baten eskaerarekin, kontratu horiek esleitu aurretik, Stoako administratzaileak aurkeztutako helegitea ebatzi eta epaia irmoa izan arte itxaroteko. Izan ere, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen arabera, administrazio publikoarekin kontratuak egiteko debekua, zigor epaia irmoa denean gertatzen da.

Amvisako zuzendaritzak, EAJ eta PSE-EEren esku dagoenak, atzera bota du eskaera eta esleipen prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki du, bi kontratu lizitazioak bozketara ateraz. EH Bilduren ustez, oso zalantzagarria da esleipen horiek Stoaren mesedetan bizkortzeko bi alderdiek hartutako jarrera.

Krispijanako araztegia konpontzeko eta hobetzeko proiektuaren idazkuntzaren kasuan, EH Bilduren bi ordezkariek esleipenaren aurka bozkatu dute. Hala ere, gogoratu beharra dago, lehiaketara aurkeztu ziren bi enpresen artean Stoak lortu zuela puntuaziorik onena, baina ezohiko eskaintza ekonomiko baten bidez lortu zuela.

EH Bilduren iritziz, Stoak aurkeztutako justifikazioak ez du aukerarik ematen eskaintzak pleguan deskribatutako baldintzak betetzen dituela ondorioztatzeko, ezta proposatutako bitartekoak enkarguari aurre egiteko nahikoak direnik ondorioztatzeko ere. Gainera, enpresari esleipena ahalbidetzea, pleguan finkatutakoak baino baliabide gutxiago emanez gero, baldintza objektibo beretan oinarritutako lehiatzeko printzipioa urratzen da.

Bigarren kontratuari dagokionez, estolderia-sareko ponpaketa-estazioak eta obra txikiak mantentzeko, kontratazio-mahaiak Stoari esleitzea ere proposatu du. Kasu honetan, aurkeztutako eskaintza bakarra da, eta pleguetan deskribatutako beharrezko puntuazioa lortu du.

Egindako kontsulta juridikoen ondoren, ondorioa da ezin dela esleipen hori blokeatu erakundeko kontseilariek ondare-erantzukizunik edo bestelako erantzukizunik izan gabe, eta, gainera, kontratazio hori burutuko ez delaren bermerik ez dago. EH Bilduren ustez, administrazioari kontratu baten truke koska bat ordaintzea bezalako kasu larri batengatik lehen auzialdian zigortu duten enpresa baten aurrean modu egokian babesteko aukera ematen ez dion legea txarra da. Hori guztia dela eta, EH Bilduren ordezkariek baimena eman dute kontratua onartzeko, «legeak hala behartuta».

EH Bilduk Gasteizko Udalari eta bere sozietateei eskatuko die, behin kondena-epaia irmoa denean, Stoa kontratatzeko 'debekua duen enpresa' moduan deklaratzeko ebazpenak onar ditzatela, eta debeku hori sar dezatela Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan eta Estatuko ROLECEn.