AKTUALITATEA


| 2020-07-29 11:12:00

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek erabaki zuen atzo, dekretu bidez, Juan Carlos I-ari eskainitako kale izena kentzea, eta horren ordez Martxoaren 8ko Etorbidea deitzea. EH Bilduren aburuz, pozgarria da behingoagatik errege emerituaren kalea udalerritik desagertzea, baina uste du erabakia oso berandu iritsi dela, eta, gainera, gutxiegi dela.

«Erabakia zortzi urte berandu dator, 2012. urtean dagoeneko udalbatzaren adierazpen bat zegoelako kale izena aldatzeko beharra jasotzen zuena. Aurten bertan beranduegi dator, halaber, hilabeteak igaro direlako iragarri zenetik, eta Urtaranek hauteskundeak pasa arte itxaron duelako gauzatzeko, soilik bere interesak lehenetsita. Gainera, erabat eskasa da, ezin delako ulertu horrekin batera kale izendegitik monarkia ustel osoa desagerrarazi ez izana, Juan Carlos Iaren emazte Sofiari kalea kenduta», azaldu du EH Bilduren udal bozeramaile Miren Larrionek.

Deigarria da orain dela urte batzuk memoria historikoa aztertzeko lantaldeak proposatu zuela kale izendegiari hainbat moldaketa egitea, erregimen frankistari lotutako kale izenak aldatzeko. Orduan Urtaranek ezezko borobila eman zuen, aldaketa horiek gauzatzeko ustezko arazo teknikoak eta zailtasun hipotetikoak argudiatuta. «Gertatu denak agerian uzten du benetako borondate politikoa dagoenean posiblea eta egingarria dela balizko edozein arazo tekniko gainditzea», azpimarratu du Larrionek.

EH Bilduk uste du aukera bat galdu dela kale izendegiaren egoerari buruzko gogoeta sakon bat abiatzeko, Gasteizko kaleen izenetan emakumeen presentzia eskasa zuzentzeko lantalde berrian adostutako erabaki bat hartzeko, edo Salburuko auzokideek gaiari buruz duten iritzia entzuteko. Urtaranek, berriro ere, ez du beste inorrekin hitz egiten, eta alde bakarreko erabakiak hartzen ditu inolako parte-hartze edo adostasun izpirik gabe.

«EH Bilduk lanean jarraituko du monarkia ustel bati aipamenik egingo ez dion kale izendegi baten alde, irmoki emakume gehiago kale izenetan sartzeko, eta diktadura frankistatik geratzen diren arrastoak behingoz ezabatzeko», iragarri du udal bozeramaileak,eta aurreratu du EH Bilduk ekimenak aurkeztuko dituela norabide horretan.