AKTUALITATEA


| 2021-10-26 12:33:00

Gasteizko udal gobernuak, EAJk eta PSEk kudeatuta, iragarri berri du finantzaketa eskatu duela Europako Batasuneko berregituratze funtsetatik, merkataritza alorreko hainbat proiekturi begira. EH Bilduk harridura azaldu nahi du funts horien laguntzarekin ordaindu nahi den bigarren dirusail handiena delako El Cortes Inglés saltokiarentzako zamalanetarako nasa eraikitzea.

 

Leap (Jauzi) planaren barruan, Maider Etxebarria buru duen Sustapen Ekonomikorako sailak 1,3 milioi € eskatu nahi dizkio Europari, argudio gisa jarrita horien bidez «tokiko merkataritza berpiztuko» dela. Diru horren zatirik handiena, milioi bat eurotik gora, «salmenta puntuaren eraldaketa» deitu zaion ekintza multzo bati dagokio. Horietatik 428.000 € erabili nahi dira El Cortes Ingles saltokia lurperatutako zamalan nasa izan dezan. Gainera, Eusko Jaurlaritzak beste milioi erdi bat euro jartzea bilatzen du udal gobernuak. Orotara, BEZa aintzat hartuta, 1,1 milioi euroren finantzaketa publiko zuzena eman nahi zaio merkataritza azalera handi pribatu bati.


«Astakeria hutsa da tokiko merkataritzari laguntzeko ideiaren atzetik ezkutatzen dena izatea hiriguneko azalera handi batentzako obrak finantzatzea, urtez urte irabazi handiak dituenean, gainera», azaldu du Rocio Vitero EH Bildu Gasteiz udal taldeko zinegotziak. Astakeria are handiagoa da irakurtzen direnean Urtaranen gobernuak eman dituen argudioak justifikatzeko azalera handi bati dirua ematea. Hala, besteak beste, aipatzen da ekintzak bat egiten duela Nazio Batuen erakundeak emandako ODS Garapen Jasangarritako bigarren helburuarekin: Gosearekin amaitzea.


Viterok ohartarazi du udalerriak aurrez aurre trantsizio ekologikoa eta produktiboa bezalako erronka itzelak dituen bitartean, EAJk eta PSEk gobernatzen duten udalak nahiago duela aurretik jarri merkataritza azal handi baten interes pribatuak Europatik etor daitezkeen dirulaguntzak bilatzerakoan.