AKTUALITATEA


| 2024-07-09 09:21:00

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari Gasteizko urrezko domina ematearen aurka bozkatu du gaur EH Bilduk. Proposamena gaur eztabaidatu da Bozeramaileen Batzordean, eta bertan EH Bilduk memoria inklusibo bat eraikitzearen alde egin du, biktima guztiak aitortu eta babestuko dituena, salbuespenik gabe.


EH Bilduk gogorarazi duenez, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Babesteko 29/2011 Legean oinarritzen da. Hala ere, planteamendu horrek kanpoan uzten ditu 1960tik aurrera eta aurreko urteetan Estatuko aparatuek eragindako giza eskubideen urraketen milaka biktima. Eusko Jaurlaritzak (107/2012 eta 12/2016 Lege Dekretua) eta Nafarroako Gobernuak (16/2019 Foru Legea) dagoeneko onartu dituzten zenbait legek aitortu dituzte horietako batzuk.


Beste batzuk aldiz ez dute oraindik aitortzarik jaso. Zentroak, beraz, ez dio memoria kolektiboari heltzen eta errealitatearen zati baten bazterketan oinarritzen da. Hori arazo bat da elkarbizitzarako. Une historiko honetan, proiektu eta dinamika eraikitzaileak behar dira, integralak, Giza Eskubideen urraketa guztiak kontuan hartuko dituztenak.


Zentroaren inaugurazioarekin batera, EH Bilduk bat egin zuen 15 memoria taldek bultzatutako "Memoria Osoa" manifestuarekin. Bertan diskriminazio-planteamendu hori baztertzea, giza eskubideen urraketa guztiak barne hartzen dituen memoria integral batean oinarritutako dinamikak bultzatzea eta bazterketarik gabeko bizikidetza eraikitzea eskatzen zen.


Inauguraziotik hiru urtera, EH Bilduk berretsi egin du proposamen hori. Izan ere, hiru urte horietan, martxoaren 3ko biktimak baztertzen ziren bitartean, urtero abuztuan Meliton Manzanas torturatzaile eta Gestapoko kolaboratzailea omendu dute.


«EH Bilduk behin eta berriz errepikatu du Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroarekiko jarrera. Oraindik ere uste dugu ikuspegi partziala elikatzen duela eta ez duela laguntzen gure herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen. Beraz, ez dugu uste merezi duenik Gasteizko Urrezko Domina», nabarmendu du Rocio Vitero EH Bildu Gasteizko bozeramaileak.