AKTUALITATEA


| 2021-10-05 10:52:00

EH Bilduk iragarri duenez, Udaltzaingoak kameren erabilerari buruzko informazio zehatza eskatuko du. «Neurri garrantzitsua da, eta ez zaie behar bezala jakinarazi ez udal taldeei, ez eta herritarrei ere», adierazi du Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak. EH Bilduren ustez, neurri hori ezartzea aukera izan daiteke Udaltzaingoarekiko tratuan eredu bermatzaileago baterantz aurrera egiteko, betiere herritarren oinarrizko eskubideak argituta eta bermatuta badaude.


«Sakoneko neurria da, eredu bermatzaileago baterantz aurrera egiteko aukera ematen duena. Tresna berri horrek herritarren segurtasuna hobetzeko elementu berria izan behar du, herritarren oinarrizko eskubideak bermatuz. Tresna hori modu arbitrarioan erabil ez dadin lan egin behar dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da agenteek eta herritarrek dituzten eskubideei buruzko informazioa ematea, grabatzea ez baita delitua, ezta poliziari grabatzea ere», nabarmendu du Lopez de Aberasturik. Zentzu horretan, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du neurtzeko modu bakarra erabiltzea, hau da, grabatzea zentzu batean delitua ez bada, bestean ere ez baita delitu izango.


EH Bilduk Herritarren Segurtasunerako zinegotzi delegatuaren agerraldi eskaera bat du erregistratuta. Bertan, neurri horren inplementazioari buruzko informazioa eskatuko zaio, orain arte udal gobernuak emandako informazioa ia nulua izan baita. «Herritarren eta udaltzaingoaren eskubideak ezagutzea da batzuek zein besteek jarduketetan berme gehiago lortzeko formula. Horregatik, beharrezkoa da informatzea noiz, non eta zergatik erabil daitezkeen, eta jakitea zer erabilera egin daitekeen gerora multimedia-materialaren eta nork eta nola erabil dezakeen».


EH Bilduk herritarren arreta etengabe hobetzeko beharra azpimarratu du beti. Sindikaturaren txosten guztietan, baita herritarren postontzitik jasotako datuetan ere, ohartarazten da polizia-tratua hobetzeko tarte nabarmena dagoela. «Neurri hori ezin da propaganda-elementu huts bihurtu. Erakunde gisa, herritarren eta udaltzaingoaren eskubideen bermatzaile izatea dagokigu, bai eta polizia-jardueretan tratu egokia ematen dela zaintzea ere». Ildo horretan, ezinbestekoa da udaltzainen prestakuntza indartzen jarraitzea, ez bakarrik herritarrekiko tratuan, baita elementu berri horren erabileran ere.