AKTUALITATEA


| 2023-11-14 10:52:00

EH Bilduk proposamen bat helaraziko dio ostiral honetan Gasteizko udalbatzari, Udalaren mendeko sozietate publiko eta erakunde autonomo guztiek sexu-jazarpenaren, jazarpen sexistaren edo sexu arrazoiak, orientazio sexualak eta genero adierazpenak eta nortasunak eragindako jazarpenaren aurrean jarduteko eta prebenitzeko protokolo propioa izan dezaten. Horrela, eta Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak azaldu duenez, «indarkeria matxistak adierazpen asko ditu, bizitzako esparru guztietan agerian gera daitezkeenak, baita lan-esparruan ere. Horregatik, sozietate eta erakunde publiko horiei tresnak eman nahi dizkiegu, hauen barruan gertatzen diren sexu-jazarpen kasuak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko».

Ildo horretan, Viterok honako hau adierazi du:
«Horrelako protokoloak edukitzeak aukera ematen du, alde batetik, modu planifikatu eta eraginkor batean lan egiteko, egoera horiek bata bestearen atzetik gerta ez daitezen, eta, bestetik, egoera hori jasaten dutenek, gertatzen direnean, arazoa azkar eta eraginkortasunez konpontzeko aukera izan dezaten. Horregatik, EH Bilduren ustez, horrelako protokoloak behar ditugu, lan-errealitate bakoitzera ahalik eta gehien egokituta».

Ildo horretan, Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak azaldu du protokoloak tresna erabilgarriak izan behar direla, ezarri nahi diren errealitateetara egokituak, eta n
ori zuzentzen zaizkion kontuan hartu behar dutela. «Gaur egun, Udalak sexu-jazarpenaren, jazarpen sexistaren edo sexuagatiko, sexu-orientazioagatiko, identitateagatiko eta genero-adierazpenagatiko jazarpenaren aurkako prebentzio- eta jarduera-protokoloa du. Etxe osoari aplikatzen zaion protokolo orokor bat da, eta bera da San Martingo bulegoetan lan egiten duten emakumeentzat edo TUVISAko gidarientzat, adibidez. Hau da, errealitate desberdinetarako protokolo bera, tresna horrek hurbiltasuna eta eraginkortasuna galtzea dakarrena», adierazi du Villalbak. Hala, adierazi du sozietate publikoek (TUVISA, AMVISA, Ensanche 21, CEA) eta erakunde autonomoek (Luis Aramburu Musika Eskola edo José Uruñuela Dantza) barne protokolo horiek izan beharko dituztela.

Horrela, Villalbak adierazi du eskaera hori
«sozietate publikoetako langile batzuek helarazi digutela, eta geure egiteaz gain, mozio honekin erantzun nahi diogu. Osoko bilkurak babestea espero dugu, indarkeria matxistari aurre egiteko gure esku dagoen guztia aktibatu behar dugula uste baitugu». Hori dela eta, EH Bilduk udalbatzari helaraziko dion mozioak proposatuko du protokoloak gehienez 6 hilabeteko epean egitea, sozietate publiko eta erakunde autonomo bakoitzeko langileen parte-hartzearekin, hortik abiatzen baita eskaria.