AKTUALITATEA


| 2024-03-19 10:05:00

EH Bilduk hurrengo udalbatzara eramango du Alde Zaharreko Osasun Zentro berria martxan jartzeko eskaera, San Vicente de Paul kaleko ostatu zaharraren eraikinean. Auzotarren eskari hori betetzea hainbat urte atzeratu ondoren, EH Bilduk eskatuko du Gasteizko Udalak Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin premiazko bilera bat eskatzeko konpromisoa har dezala, Alde Zaharreko osasun-zentroaren lekualdaketa desblokeatzeko. Eta, zentzu horretan, bi erakundeek hitzarmen bat sina dezatela eskatuko du, osasun-zentroa lekualdatzeko, gehienez ere sei hilabeteko epean, alde bakoitzak egin beharreko ekintzen kronograma xehatua barne, eta proiektua ahalik eta lasterren gauzatzeko behar den finantzaketa blindatuta.

Hala, EH Bilduko zinegotzi Amancay Villalbak egungo osasun zentroak dituen gabeziak gogorarazi ditu:
«Aldabe eta Alde Zaharreko bizilagunak, zentro horretan artatzen dituzten bi auzoak, harrituta eta haserre daude udal gobernuak eta Osakidetzak erantzukizunik ez hartzeagatik. Egoera honetan, 18.000 pertsona baino gehiago osasun-zentro zaharkitu batean artatzen ari dira, non irisgarritasuna ez dagoen bermatua eta baliabide murritzak dituena. Alde Zaharreko bizilagunek urteak daramatzate osasun-zentro irisgarriago bat eskatzen, leku gehiagorekin eta baldintza duinetan. Bada garaia erakunde arteko hitzarmen bat sinatzeko, osasun-zentroa lekualdatzeko, gehienez ere sei hilabeteko epean».

Era berean, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak
lekualdatzearen atzerapena nabarmendu du. Izan ere, lekualdaketa bermatzen zuen udal akordioa lortu eta bost urtera, udal gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak -EAJ eta PSE- ez dute aurrerapausorik eman. «Ez diote erantzunik eman alderdi politiko guztiok uste genuen zerbaiti, eta, Euskal Herrian Biludrentzat, oraindik ere, bidezkoa eta beharrezkoa denari», adierazi du. Gogorarazi du gainera, EH Bilduk, 2022an, aurrekontu-akordio bat lortu zuela Eusko Legebiltzarrean, osasun-zentro berrira 2 milioi euro bideratzeko.

«Akordio politikoa, aurrekontua eta espazio egokia genituen. Baina, egia esan, beste behin ere, EAJren eta PSEren gobernuen asmo guztiak bustita geratu dira. EAJ eta PSE auzokideekin jolasean aritu dira, behin eta berriz bete ez dituzten promesak eginez eta Alde Zaharreko auzoan osasun-arretarako beharrezkoa bezain oinarrizkoa den zerbitzua atzeratuz. EH Bilduk argi du osasuna eta osasuna baldintza duinetan eskuratzea defendatuko dugun eskubidea dela», esan du EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak.