AKTUALITATEA


| 2023-03-17 11:45:00

EH Bilduk gaurko udalbatzan ahobatezko akordioa lortu du, Gasteizko Udalari ustelkeriaren aurkako tresnak emateko. EH Bilduk aurkeztutako mozioak, Rocio Vitero zinegotziak defendatuta, Udalaren eta bere sozietate publikoen kontratazio-pleguetan ustelkeriaren aurkako klausulak sartzea proposatzen du. Horrela, EH Bilduren proposamenaren helburua da Udalaren mendeko sozietate publiko guztiek kontratuen lizitazio-pleguetan klausula bat izatea, kontratua gauzatzeko fasean deuseztatzeko aukera emango duena, baldin eta enpresak kontratatzeko debekua dakarten arrazoietako bat betetzen badu.

«Kezkagarria da tresna argirik ez egotea administrazio publikoak defendatzeko haien mesedetan erabiltzen eta usteltzen dituztenen aurrean. Gaur ustelkeriaren aurkako borrokan urrats garrantzitsua ematea lortu dugu. Klausula horien bidez, Udalari berme juridiko gehiago eta hobeak ematen dizkiogu, ustelkeria politikoaz baliatzen direnei doan atera ez dakien», ziurtatu du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.


Ildo horretan, onartutako proposamenaren bidez, Udalaren mendeko sozietate publikoetako administrazio-kontseiluei eskatu nahi zaie beren kontratuen lizitazio-pleguetan klausula bat sar dezatela, kontratua gauzatzeko fasean kontratua suntsiaraziko duena, gerora sortutako arrazoiren batengatik, baldin eta enpresak kontratatzeko debekua dakarten arrazoietako bat betetzen badu. Hala, kontratazio publiko arduratsuaren instrukzioan arestian deskribatutakoaren antzeko klausula bat sartzea ere proposatu du, Udalaren kontratuetan ustelkeriaren aurkako berme hori izateko. Azkenik, Udalari eskatzen dio konpromisoa har dezala, kontratuzko harremana duen enpresa bat kontratatzeko debekua dakarten kausetan erortzen bada, Estatuko Kontratazio Batzordeari kasuaren berri emateko, ROLECEn eta EAEko kontratisten erregistroan kontratatzeko debekua sar dezan.

Izan ere, Viterok adierazi duen bezala, ustelkeria politikoaren kasuek politika gutxiesten laguntzen dute, eta herritarrak iraintzen dituzte interes orokorra eta guztion ongia mespretxatzeagatik. Kasu horietan, alde batetik, prebenden truke boterea saltzeko prest dauden eragile politikoak behar dira, eta, bestetik, praktika ustelak erabiliz sistema publikoaz beren onurarako baliatzea bilatzen duten eragile eta enpresak. Lehen zatiari larritasun izpirik kendu gabe, politikan bigarren zatia, beharrezko laguntzaile edo usteltzailearena, nahita desitxuratzen da. Horrela, gehiegitan fokutik kanpo geratzen da eta bere ekintzen ondorioetatik libra daiteke.

Izan ere, hori gertatzen den bitartean, herritarrak harri
duraz ikusten dute kontratu publiko bat eskuratzeko hozkada bat ordaintzeagatik zigor irmoa jaso duten enpresa batek eta administratzaile batek administrazio publikotik kobratzen jarrai dezaketela, ezer gertatu ez balitz bezala. Horregatik, ustelkeriaren aurrean Udalari tresnak emateko beharra defendatu du Viterok gaurko osoko bilkuran.