AKTUALITATEA


| 2021-12-29 11:09:00

EH Bilduk zuzenketa partzialak aurkeztu dizkie bai Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoari, bai Herritarren Partaidetzarako Araudiari. Gaur egun, aldaketa fasean daude, elkarguneek eta auzoguneek osoko bilkuraren herri-txandan parte hartzeko aukera izan dezaten. Orain arte, ezin zuten herritar txandarik eskatu, eta hori izan da herritarren parte-hartzearen organoen aldarrikapen handienetako bat. «EH Bilduk konpromiso sendoa du herritarren parte-hartzearekin, eta, horregatik, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta errazteko bide guztiak ireki behar direla uste dugu, herritarren partaidetzarako organoen ahalmena ahalik eta gehien aprobetxatuz», adierazi du EH Bilduko zinegotziak.

Udal-gobernuak aurkezten duen aldaketak herritarrek parte hartzeko organoak osoko bilkuran egon ahal izateko aukera ematen du, baina ez du zabaltzen osoko bilkura bakoitzean dauden txanden kopurua, txanda bakarrera mugatuta jarraitzen baitu. Horrek esan nahi du parte har dezaketen eragileak gehitzen direla, baina ez guneak. Eragile gehiago sartzen dira lehian txanda bakar baterako, eta, askotan, orain, herritarren partaidetzarako organoek parte hartzeko aukerarik izan gabe, itxarote-zerrendak sortzen dira; hortaz, neurri berriekin, zerrenda horiek luzatu egiten dira.

Hori dela eta, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketen helburua da osoko bilkurako herritar txandaren kopurua handitzea, edozein erakundek mozio bat aurkez dezan osoko bilkuran, eskaera erregistratzen den unean gai-zerrenda irekita dagoela. Era berean, asko balira parte hartzeko eskaerak, EH Bilduren ustez bilkura gehiago ospatzeko aukera eman beharko litzateke, eskariak asetzeko.

Proposamen hori EH Bilduk herritarren partaidetzarako talde politikoari helarazi zion, baina ez zen onartu. Oraingo honetan, EH Bilduk modu formalean erregistratuko du, «horrela parte-hartzeak irabazten duela uste dugulako. Eta gobernuak proposatutako moduan, herritarren parte-hartzeak galtzen du, beste behin ere agerian utziz udal gobernu honek ez duela benetako interesik parte-hartzea sustatzeko, tramite huts gisa ikusten duela eta arlo horretan eskuko frenoa botata doala», nabarmendu du Villalbak.