AKTUALITATEA


| 2019-10-31 12:47:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du azaroko udalbatzan, Olarizu eta Armentia artean etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertzeko. Alderdiaren iritziz, errotik moztu behar da lurzoru horren etorkizunari buruzko edozein espekulazio, gaur egun urbanizaezina dena, baina hiriko sustatzaile talde bat atzetik duena.

Udal gobernuak gutxi barru Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspenaren aurrerapen dokumentua argitaratzea aurreikusten du. 'HAPOren berrikuspena ireki bezain pronto, eragile espekulatzaileen lehen proposamenak agertu dira, berdeguneak edo nekazal erabilerakoak urbanizagarri izatera pasatzea helburu dutenak ', ohartarazi du Felix Gonzalez udal taldeko zinegotziak.

2003ko plangintzan 60.000 etxebizitza egiteko lurzorua egokitu zen. Horietatik 30.279 eraiki gabe daude gaur egun. Gainera, gutxi gorabehera, 10.000 etxebizitza hutsik daude. "Hamarkadetan beharko ditugunak baino etxebizitza gehiago dira, argi eta garbi", azaldu du Gonzalezek. Espekulazioaren eta higiezinen eroaldi hark ondorioak ditu gaur egun: Salburua eta Zabalganako eremuetan oso dentsitate txikia duen hiria. "Batzuek badirudi ez dutela ezer ikasi, eta eredu hura errepikatu nahi dute irabazi pribatuen bila", salatzen du zinegotziak.

Ildo horretan, EH Bilduk proposatuko du udal osoko bilkurak lurzoru berde edo nekazaritza lurzoru gehiago ez kontsumitzearen aldeko apustua berrestea, bereziki Gasteizko hegoaldeari dagokionez, eta, horrela, eraikitzaileen asmoei atea itxiz.

Eraiki nahi den gunea bereziki kritikoa da ingurumenaren ikuspuntutik. Larragorriko parkea Lasarteko legar-hobietan proiektatuta dago, hegoaldeko ibaien uholdeak saihesteko irtenbide naturala delako, eta Armentia eta Olarizu arteko eraztun berdeari jarraipena emateko balioko duelako. Hori dela eta, mozioaren bitartez Larragorri Parkearen proiektuaren epeak ahalik eta gehien bizkortzeko eskatu nahi dio EH Bilduk udal gobernuari.

Miren Larrion alderdiko bozeramaileak gogorarazi du koalizioak hirigintzan egin duen apustu estrategikoa lehendik eraikitakoa aprobetxatzea dela, eta HAPOren berrikuspenarekin gaur egun plangintzak jasotzen dituen urbanizatu gabeko hainbat sektore desklasifikatzeari ekin behar zaiola, hala nola, S-14 Olaranen eta S-17 San Prudentzio Hegoaldean, besteak beste.

Larrionek defendatu duenez, "Hazkunde eta hedapen mugagabearen ilusioa alde batera utzi behar da, hirigunearen aktibazioan, hutsik dagoen lurzoruaren birprogramazioan, etxebizitza-parke eskasaren berreskurapenean eta erabileren integrazioan eta hibridazioan oinarritutako eraldaketa- eta birziklatze-hirigintza bati lehentasuna emateko". Udal bozeramailearen ustez, hiriaren hedapena egungo mugetatik haratago geldiarazteak "jasangarritasunaren aldeko belaunaldien arteko elkartasun konpromiso baten parte" izan behar du.