AKTUALITATEA


| 2020-03-26 18:54:00

Gaur goizean izan da osasun eta lan prebentziorako batzordea, eta udal langileen komiteaz gain, EH Bildu egon da bertan. Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, sindikatuen kezka ulertzen eta babesten du, protokolo argien eta norbera babesteko ekipamenduen faltagatik, bereziki, erresidentzietan ematen den egoeragatik. Era berean, beharrezkotzat jotzen du departamentu eta udal zerbitzu guztietan ematen diren positiboei eta prebentzio-neurriei buruzko informazio eguneratua helaraztea.

Hori dela eta, EH Bilduk segurtasun handiagoa eskatzen du udal-langileentzako, bai eta behar dituzten norbera babesteko ekipamenduez hornitzeko beharra ere. Protokolo argiak helarazteko beharra azpimarratu du ere, beren osasuna babesteko eta beren lan-jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren higiene-neurriak bermatzeko.

Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak bere kezka adierazi du, protokolo eguneratuak jarduera garatu behar duten langileei iristen zaizkiela bermatu beharra dagoela azaldu. Era berean, norbera babesteko ekipamenduen inbentarioak, stock-a eta horniduren aurreikuspenak egitearen garrantzia azpimarratu du. Udal-langileei beren segurtasuna bermatzeko ekipamenduak eman behar zaizkie, eta, batez ere, ezinbestekoa ez den jarduera ekonomiko oro geldiarazi behar da eta langileak etxera bidali behar dira.

Nabarmentzekoa da ere, langileen ordezkariek osasuna lehenetsi dutela beti, krisia hasi zenetik, eta egoera horretan ezinbestekoak ez diren lan guztiak bertan behera uztea eta langileak etxera bidaltzea defendatu dutela. Egoera bideratzea lortu dute, udal gobernua beti atzetik joan den arren. Era berean, EH Bilduk bere esker ona adierazi nahi die udal langile guztiei, koronabirusak eragindako egoera zail honetan, euren esfortsuagatik eta egindako lanagatik.