AKTUALITATEA


| 2020-04-24 12:45:00

Ez da aurrera atera COVID-19ak eragindako krisiari jarraipena egiteko Batzorde Berezia sortzea eskatzen zuen EH Bilduren proposamena. Batzorde horren helburua Gasteizko eragileei eta, oro har, herritar guztiei krisialditik modu bateratu eta koordinatuan ateratzeko jarraitu beharreko estrategiaren parte egitea zen. Hala ere, udal gobernuak EH Bilduren proposamenaren aurka bozkatu du eta Batzorde Bereziak ez du aurrera egin. Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak deitoratu duenez, " Gaur une erabakigarria izan da ikusteko egiazkoak diren edo ez elkarlanean aritzeko deiak, ekintzetan islatuko direlako. Bestela, hitz polit baina antzuetan geratuko dira, eta tamales, hala izan da Urtaranen gobernuaren aldetik ".

EH Bilduren ustez, beharrezkoa da mahai bat sortzea elkarrekin lan egin ahal izateko, eta mahai horretan hiriko eragileen eta, oro har, herritar guztien ekarpenak, iritziak eta kexak jasotzeko. “Lehen minututik eskatu dugu krisi mahai bat eratzea osasun larrialdiari bat eginik aurre egiteko. Mahai ireki bat, udalerriko eragile ekonomiko, sozial eta sindikalei irekita. Ekarpenak eta erabakiak batera hartzeko mahai bat. Jendarteak gugandik espero dutena hori da: Hiri mahai bat elkarrekin nabigatzeko inoiz izan dugun krisirik handiena”, adierazi du Larrionek.

EH Bilduk gune ireki eta parte-hartzaile hori proposatu du gure udalean, elkarrekin aurre egiteko osasun-larrialdiaren, krisi sozialaren eta ekonomikoaren erronkei. “Nori iruditu ahal zaio gaizki hiritarrek eztabaida horretan parte-hartzea, modu ireki eta eraikitzaile batean? Ezinezkoa da adieraztea krisi honetatik elkar eginda atera behar dugula, baina gero ez egotea elkarlana sustatzeko inolako tresnarik. Nola azalduko diozue jendeari ez duzuela euren ahotsa eta ekarpenak entzun nahi?", galdetu du EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak.

Era berean, interes alderdikoien gainetik guztion ona jartzeko unea dela esan du Larrionek, "Lidergo partekatuen garaia da. Adituekin, kolaboratzaileekin, interesatuekin eta interesgarriekin partekatuak. Itunen garaia da".