AKTUALITATEA


| 2023-12-28 09:19:00

EH Bilduk turistentzako TUVISAren garraio-abonuen eskaintza berrikustea proposatuko du hurrengo udalbatzan. Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, turistak herrira iristen direnean, Udalak eskaintza turistiko erakargarria bermatu behar du, udalerriaren jasangarritasun eta deskarbonizazio helburuekin bat datorrena. «Gasteiz bisitatzen dutenentzat garraio publikoa benetako alternatiba erakargarria eta erosoa izatea nahi dugu. 2023ko irailera arte, TUVISAko 12 milioi bidaiarietatik, bik bakarrik erabili dute abono turistikoa. Eskaeri baxu horren aurrean, uste dugu eskaintza berrikusi behar dela eta erakargarriagoa egin. Horretarako, turismorako abonuen eskaintza berrikustea nahi dugu, garraio publikoaren erabilera areagotzeko eta turismo eredu jasangarriagoa sustatzeko», ziurtatu du.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk osoko bilkurari eskatuko dio turismorako garraio-abonuen eskaintza berrikusteko, abonu mota horiek BAT Txartelaren sisteman integratzeko eta, m
odu horretan, udalerriko garraio publikoaren sistema osorako eskaintza turistikoa errazteko (hiri-autobusa, Gautxori eta tranbia). Era berean, salmenta-puntuak zabaltzea proposatu du, bereziki udalerriko sarrera-puntu nagusietara, hala nola, tren-geltokira edo Forondako aireportura. EH Bilduk, gainera, abonu motak berrikustea proposatuko du (egun kopurua eta prezioa), baita garraioa Green Tourist Card txartelean sartzeko moduak baloratzea ere.

«Turistak udalerrira iristeak erakundeen kudeaketa eskatzen du, eta gaur egun kudeaketa hori asko hobetu daiteke. Are gehiago, bisitarien egonaldiak luzatzea da Gasteizek duen erronketariko bat. Horretarako, erakarpen turistiko jasangarrirako estrategia bat landu behar da, ostalaritza, merkataritza eta turismo berdea sustatuko dituena, tokiko nortasun kulturala zaindu eta ezagutaraziko duena eta Gasteiz hiri bizigarri eta bisitagarri gisa uztartuko duena. Baina, jakina, garraio publikoko formula erakargarriak ere eskaini behar dira, are gehiago egungo krisi klimatikoaren testuinguruan, non eskaintza udalerriaren jasangarritasun eta deskarbonizazio helburuekin lerrokatuta egon behar den», adierazi du Viterok.

Izan ere, EH Bilduko zinegotzi Aitziber Salazarrek adierazi duen bezala,
«bisitarientzako txartel turistikoa ez da bisitariei eskuratzeko aukera ematen ari». Izan ere, gaur egun, Turismo Bulegoan eta TUVISAren bulegoan bakarrik eskura daiteke txartel hori, irekitzeko ordutegian. Era berean, Salazarrek gaineratu du gaur egun txartel horrek beste bi zailtasun aurkezten dituela, lehiakorra eta erakargarria egiten ez dutenak. «Alde batetik, txartel hori TUVISAren autobusetan bakarrik erabil daiteke, eta ez tranbian, eta horrek mugatu egiten du erabiltzaileek joan-etorriak egiteko duten aukera. Eta, bestetik, prezioaren gaia dago, eta hori ere ez da erakargarria gaur egun beste garraio-abonu batzuen kostuaren aldean», adierazi du.