AKTUALITATEA


| 2024-05-30 11:03:00

EH Bilduk Gasteizko udalerriko hiri-bilbetik igarotzen den trenbidearen trazadura osoa lurperatzeko konpromisoa eta apustua agertzea eskatuko dio Udalbatzari ekainean. Horrela, Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramailearen esanetan, bere alderdiaren borondatea trena hirian zehar ahalik eta zatirik luzeenean lurperatzea da, erakunde arteko protokoloetan adostutako finantziazioa ere betez.


«EH Bildutik defendatzen dugu beharrezkoa dela hiri-bilbetik igarotzen den trenbidea lurperatzeko bidean aurrera egitea. Jakina, uste dugu lurperatutako tartean Salburua eta Zabalganako zatiak ere sartu behar direla. Baina, gainera, ezinbestekoa da horretarako behar den finantzaketari eustea. Horrela, adostutakoa beteko balitz, finantza-karga erakundeen artean banatuko litzateke, erdia estatuko gobernuaren esku, eta beste erdia euskal erakundeen kontura», adierazi du Viterok.


Izan ere, proiektu horri ekiteko moduari buruz zenbait oinarri partekatuta daude, eta 2010. eta 2022. urteetan sinatu ziren erakundeen arteko bi protokolotan finkatu dira. Egia da bien artean aldaketa nabarmenak izan direla bai trazaduran bai eta lurperatutako zatiaren irismenean. Trenaren ibilbidea hiri osoan zehar, gutxi gorabehera 6,8 kilometrotan, lurperatzeko asmoa zuen akordio batetik Salburua eta Zabalgana auzoak kanpoan utzi eta lurperatutako partea 3,6 kilometroramugatu duen beste batera igaro gara.


 

«Martxan dagoen proiektuaz gain, geure ustez, unea iristen denean, trenaren ibilbidea hiri osoan lurperatzea lortzeko helburuari eutsi behar zaio. Adostutako dokumentuetan, gainera, erakunde sinatzaileek konpromiso zehatz batzuk hartu zituzten proiektuaren finantzaketari dagokionez. Ordaintzeko formula eta modu zehatza itxi gabe, finantza zama erakundeen artean banatzeko modu bat definitu zen, ehuneko gisa adierazita. Estatuak proiektuaren erdia ordainduko zuen, eta euskal erakundeek beste erdia, honela banatuta: Eusko Jaurlaritzak %25, Arabako Foru Aldundiak %10 eta Gasteizko Udalak %15. Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak egindako azken adierazpenen arabera, ordea, finantzaketa-kargen banaketa aldatu egin da. Eta horrek bereziki kezkatzen gaitu», adierazi du EH Bilduko zinegotzi Amancay Villalbak.


Horregatik, EH Bilduk osoko bilkurari eskatuko dio orain arte hartutako konpromisoak betetzeko eta, 2010eko protokoloaren eredua eta akordioak oinarri hartuta, Gasteizen trenbidea integratzeko proiektu globalean dagozkion betebeharrak bere gain hartzeko prest dagoela berresteko. Zehazki, integrazio-eragiketa global horren ondoriozko jarduera zehatzak finantzatzeari, antolatzeari eta gauzatzeari dagokionez. Era berean, EH Bilduk eskatzen du Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia Abiadura Sozietateak eta bertan parte hartzen duten erakunde guztiek beharrezkoak diren izapideak bizkortzea eta kronograma fidagarri eta errealista bat ezartzea, data jartzeko behingoz Gasteizko lurperatzearen ondoriozko beharrezko hirigintza-eraldaketari.