FOFELen likidazio positibotik Udalak jasoko dituen 1,9 milioi euroak udalerriaren defizitak konpontzera eta egiteke dauden inbertsioak azkartzera bideratzea eskatu du EH Bilduk. Ildo horretan, Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko Udaleko bozeramaileak adierazi duenez, «FOFELaren likidazio positiboa 1,9 milioi eurokoa izan da Udalarentzat. Gure ustez, zenbateko hori herritarren eskaeretatik eratorritako inbertsioetan inbertitu behar da, hala nola suhiltzaileen instalazioetan (Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua), futboleko udal-zelaietan eta Adurtza eta Sansomendi auzoetako espazio publikoaren egokitzapenetan. Horretarako, Euskal Herria Bildutik proiektu horiek aurrera eramateko gure borondatea adierazi nahi dugu, eta beharrezko izanez gero, horiek aurrera ateratzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak onartzeko prest geundeke».
Izan ere, Arabako Toki Administrazio eta Finantzen Lurralde Kontseiluaren ohiko bileran, FOFELaren likidazioa finkatu da, hau da, toki-erakundeek 2023ko diru-bilketatik jasoko duten behin betiko kopurua. Gasteizko Udalaren kasuan, likidazioa positiboa izan da eta 1,9 milioi euro gehiago jasoko ditu, 207,6 milioi euro guztira. «Aurrekontuz kanpoko diru-sarrerak dira, eta ez zeuden jasota udal-aurrekontuetan. Horregatik, uste dugu aparteko funts horiek zertarako erabiliko diren adosteko aukera-leiho bat irekitzen dela, funts horiek herritarrentzat onuragarri izan daitezen», ziurtatu du Viterok.
Horrela, EH Bilduren bozeramaileak funts horiek hiru kontutara bideratzea proposatu du. Lehenik eta behin, Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuan (PSISZ) aurreikusitako inbertsioak handitzera, suhiltzaileek eskatu duten bezala, eta epe labur, ertain eta luzerako zerbitzuaren beharrak jasotzen dituen plan baten barruan egitea. Bigarrenik, EH Bilduk uste du kirol instalazio zaharkituen erreforma bultzatu beharko litzatekeela, udal futbol-zelai zaharrenetako obrak finantzatuz (Olaranbe III, Zaramaga eta Adurtzabal eraberritu gabe daude). Eta, azkenik, koalizioaren ustez, ezohiko funtsak Gasteizko hainbat auzotako bizilagunek eskatutako espazio publikoan egokitzapenak egiteko ere erabili beharko lirateke. Besteak beste, Adurtza parkea eraberritzeko eta Sansomendiko Paula Montal kaleko segurtasuna eta zirkulazioa hobetzeko.