AKTUALITATEA


| 2023-01-17 11:07:00

EH Bilduk STOA kontratatzeko debekua EAEko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan eta Estatuko ROLECEn sartzea eskatu du gaur sozietate publikoen batzordean. Duela astebete ezagutu zen De Miguel auziaren epaia, EAJko goi-kargudunekin lotutako ustelkeria sarea, non tartean STOA enpresa zegoen. Sergio Fernández Oleaga da enpresa horren administratzaile bakarra, eta urtebete eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eta 3.586 euroko isun ekonomikoa ezarri dizkiote agiriak faltsutzeagatik eta funtzionario-eroskeriagatik.

«Epai honekin, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du ahalik eta lasterren galaraztea ustelkeriagatik kondenatutako enpresa baten kontratazioa», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak, eta gogorarazi du AMVISAk bi kontratu esleitu zizkiola STOAri, enpresa hori ustelkeriagatik ikertzen ari zirenean. Are gehiago, Udalak berak, aldi horretan, kontratuak izan ditu enpresa horrekin. «EH Bilduk lizitazioa gelditzeko eskatu zuen, epaia irmoa izan arte. Hala ere, EAJk eta PSEk eskaera ezetsi zuten eta lizitazio prozesuari bidea eman zion. Orain, epai irmoarekin ez dago zalantzarik, Udal honek zorrotz jokatu behar du ustelkeriaren aurrean».

Izan ere, kontratatzeko debekua formula administratibo bat da administrazioek ondasun juridiko babestuak urratzen dituzten enpresaburuekin kontratuak egitea eragozteko, hala nola, bateraezintasun-erregimen bati lotutako langile publikoen kidegoaren ohoragarritasuna, zintzotasuna edo objektibotasuna. Sektore Publikoko Kontratuen Legeak kontratatzeko debeku-kasuak ezartzen ditu, eta debeku horren eskumena, prozedura eta ondorioak arautzen ditu. Kasu honek betetzen ditu.

Beraz, «EH Bilduk kontratazio hori debekatzea eskatzen du, interes publikoaren aurka doazen eta horrekin legez kanpoko onurak atera nahi dituzten praktikak dituztenek administrazio batekin ere kontraturik egin ez dezaten eta diru-kutxa publikoetatik datorren dirua haien eskuetan erori ez dadin», ziurtatu du Viterok.