San Antonio kaleko 10. zenbakian dauden Sindikaren Bulegoa, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua (SMUS) eta Herritarren Arretarako Bulegoa bezalako udal zerbitzuentzat kokapen berri bat bilatzeko eskatu du EH Bilduk. Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak azaldu duenez, gai hori argitara atera du datorren otsailean lokal horiek alokairuan Udalari lagatzeko Gasteizko Udalaren eta SBAYRE enpresaren arteko kontratu «polemikoa» amaituko delako.
20 urteko kontratu honek 6 milioi euroko ordainketa ekarri dio Udalari. «Hasieratik amaierara arte kontratu polemikoa izan da, abusuzko baldintzekin, jakina, interes orokorra zaintzen ez zutenak, Udalak 2013an egin zuen Ikerketa Batzorde Bereziak ondorioztatu zuen bezala», ziurtatu du Viterok. Izan ere, Batzorde horrek, bere ondorioetan, hitzez hitz jasotzen zuenez, kontratuak "enpresa jabeari mesede egin diezaiokeela pentsarazten du" eta "klausula guztiek enpresa jabeari mesede egiten diotela egiaztatu da".
Izan ere, kontratu horrek 20 urteko iraupena eskatzen zuten blindatze-klausulak zituen, 12.500€-ko hileko-kuotak + BEZa, eta KPIaren eguneraketak (kasu batzuetan %9rainoko igoerak gehituta), bai eta lokalak egokitzeko obrak ordaintzera behartzen zuten klausulak ere. Abusuzko baldintza horiek guztiek ez zuten interes orokorra zaintzen, Ikerketa Batzordeak azken ondorioetan zioen bezala. Baldintza horiek EH Bildu, PSE-EE, EAJ talde politikoek ez ezik, Idazkaritza Nagusiak eta Udaleko zerbitzu juridikoen buruak ere sinatu zituzten.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduko bozeramaileak eskatu du «orain, kontratuaren amaiera iristen ari dela, kokapen berriak bilatzeko unea da, udal jabetzako kokapenetatik hasita. Eta, zerbitzu horien beharretara egokitzen diren batzuk aurkituko ez bagenitu, orduan, alokairuak bilatuko ditugu. Baina, betiere, kontratazio publikoaren irizpideak betez, hala nola publizitatearen, berdintasunaren eta lehia askearen printzipioak. Ez ditzagun iraganeko akatsak errepikatu. Egin ditzagun gauzak ondo».
EH Bilduk asteazken honetan helaraziko dio gaia Ogasun zinegotziari, Udalak gai honen inguruan dituen asmoen berri izateko.