AKTUALITATEA


| 2019-09-19 11:49:00

EH Bilduko Gasteizko udal taldeak hiritarren esku utzi nahi du ekialde-erdigune-mendebalde ardatzerako garraiobide publikoari buruzko erabakia, galdeketa hiritar baten bidez, behingoagatik Salburua eta Zabalgana auzoak lotzeko balioko duena. Beti baiezko batekin erantzuteko proposamena izango da: ‘Nolako garraiobiderekin eskaini behar da zerbitzua Salburua-erdigune-Zabalgana ardatzan?’ galdera eginda «autobus elektriko adimenduna» edo «tranbia» erantzuteko aukera egongo da. Galdeketa egingo da joan den legealdian indarrean sartu zen parte-hartze araudiko legezko prozedura jarraituz.

«Gasteizen galdeketa hiritarra egiteko aukera zabaldu nahi dugu, historian lehen aldiz, parte-hartze araudia onartu zenetik ezinezkoa izan den urratsa. Positiboan egindako galdeketa litzateke, aurrera egiteko, kalitatezko bi garraiobideren artean erabakita; azken finean, bai edo bai esateko galdeketa hiritarra, gai estrategiko bati buruz hiritarrek eurek erabaki dezaten, eztabaida sakon eta informatu baten ondoren. Erabakitzen duen hiritargo informatu eta enpoderatua», argudiatu du EH Bilduko udal bozeramaileak, Miren Larrionek.

Aurtengo urte hasieran Salburuak eta Zabalganak, hurrenez hurren, 8.900 eta 26.943 biztanle zituzten, eta ez da ahaztu behar bi auzoak oraindik garatzen ari direla. Gainera, askoz ere gasteiztar gehiagok erabiliko lukete garraiobide hau, eta horregatik ezinbestekoa iruditzen zaigu hiritar guztiei aukera ematea ardatz horren erabakian; are gehiago, kontuan hartuta mugikortasunari buruzko gaiek hiritarren artean sortzen duen jakinmin handia, ikus daitekeena gaiari buruzko foro, elkargune eta auzogune ezberdinetan dagoen parte-hartze eranguratsuan.

Felix Gonzalez zinegotziak azpimarratu du erabaki honek aurrera begira duen garrantzia hiriarentzako: «Udal honek martxan dituen bi prozeduretan eragin zuzena dauka mugikortasuna konpontzeko aukeratuko den moduak: Mugikortasun Jasangarriari eta Espazio Publikoari buruzko Planaren eguneratzea eta HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren eguneratzea». Gasteizerako garrantzi oso handia duen erabakia da, eta urrats bat da garraio publikoaren aldeko apustua egin nahi duen hiri jasangarria lortzeko, ibilgailu pribatuaren kaltetan.

Galdeketa hiritarrak bideratzen dituen Gasteizko Udalaren araudiko 13. artikuluaren arabera:

Udal talde politikoei dagokie erakunde-ekimena. Udal eskumeneko gaien ingurukoa izan beharko du ekimenak, eta, nagusiki, munta bereziko izaera lokaleko gaien ingurukoa, Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen Legean eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean xedatutakoaren ildotik —bost milioi euroko aurrekontua gainditzen duten proiektuak oro joko dira munta berezikotzat—.

Bi irizpide finkatzen ditu artikulu horrek: udalaren eskumen propio bati buruzko auzia izan behar duela, eta garrantzi bereziko gaiak lehenetsi behar direla. EH Bilduren aburuz, bi baldintza horiek sobera betetzen ditu aurkeztutako proposamenak.

Mugikortasunari buruzko galdeketa hiritarra egitea koalizioaren konpromisoa izan zen joan den hauteskunde kanpainan, eta datozen egunotan formalki beteko du. Behin proposamena erroldatuta eta beharrezkoak diren txostenak jasota, udalbatzak izango du galdeketa martxan jartzea berresteko ardura.

Larrionek azpimarratu du une ezin egokiagoa dela, mugikortasun plan berria eztabaida fasean dagoelako, eta ekialde-mendebale ardatzerako inolako proiekturik ez delako lizitatu. «Batez ere, jokoan dago erakustea ea benetan hiritar guztiak izan nahi ditugun bidelagun hiriaren erabaki estrategiko handiak hartzerakoan. Benetan jokoan dago parte-hartzean sinesten dugun edo ez», ohartarazi du.