AKTUALITATEA


| 2022-05-05 11:17:00

EH Bilduk salatu duenez, Urtaran kabinetearen gelditasunak alokairu sozialerako 63 etxebizitza ez eraikitzea ekarri du, eta 126 gehiago eraikitzea airean utzi du. Izan ere, Gasteizko Udalak lursaila Eusko Jaurlaritzari lagatu behar zion, 2009an adostu zuten bezala, baina gaur egun Udalak ez du horrelakorik egin, eta, horrela, etxebizitza sozial horiek eraikitzea eragotzi du.

«Urtaranen gobernuaren gelditasunak Gasteizen 63 etxebizitza sozial eraikitzea galarazi du, eta k
olokan utzi du 189 etxebizitzaren promozioa. Gasteizen alokairuaren prezioa izugarri garestitu den une honetan, alokairuko etxebizitza babestuaren 10.000 eskatzailerekin, eta bizitzaren kostuaren garestitze nabarmenarekin, oso larria izan da. EAJren eta PSEren gobernuak uko egin dio alokairuko etxebizitzen politika eta parke propioa garatzeari, baina, orain, horrekin pozik ez dagoenez, bere utzikeriarekin eragotzi egiten du beste administrazio batzuek etxebizitza-politika hori martxan jartzea», ziurtatu du Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak.

2009ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Vitoria-Gasteizko Udalak konpromiso-akordio bat sinatu zuten Salburua eta Zabalgana auzo berrietan babes ofizialeko eta sozialeko etxebizitzak garatzeko. Akordioak aurreikusten zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari doan eta kargarik gabe lagatzea 13. sektorean,
Larreinen, dauden lursailak (RC7 lurzatia).

Lursail horretarako, zehazki, Eusko Jaurlaritzak eraikuntza-proiektu bat lizitatu zuen, hiru eraikin desberdinetan babes ofizialeko 189 etxebizitza eraikitzeko asmoa jasotzen zuena. Hala, 2018an, Etxebizitza Sailak eta Visesak Larreinen aurreikusitako sustapen hori garatzeko programa-kontratu bat sinatu zuten, eta horren lehen urratsa gizarte-alokairuko 63 etxebizitza eraikitzea zen. 2019. urtearen hasieran, Visesak eskatu eta lortu zuen Gasteizko Udaletik etxebizitzak eraikitzeko obra-lizentzia. VISESAk, orduan, obra-lizentzia (11.000 €), dagokion EIOZ (178.000 €) eta 15.000 €-ko abala ordaindu zituen.

Hala ere, EH Bilduk Legebiltzarreko galdera baten bidez baieztatu du Eusko Jaurlaritzak uko egin diola eskatutako obra lizentziari. Izan ere, honako hau dio hitzez hitz:
«Egia esan, partzela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari lagatzea ez da gauzatu oraindik, eta aurretiko betekizunetako bat proiektatutako eraikuntzarako ingurumen-gaitasuna egiaztatzea da. Betebehar hori betetzea bai Vitori-Gasteizko Udalari (hartutako konpromisoen arabera), bai Ensanche 21 Zabalgunea SA hirigintza-sozietateari (gaur egun lurzoruaren jabe eta eskualdatzaile den aldetik) dagokie». Horregatik, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak berak EH Bilduri emandako erantzunean adierazi duenez, «Ezinezkoa da espediente hau izapidetzen jarraitzea VISESAk RC7 partzelan sustapena gauzatzeko behar adinako titulu juridikoa ez duen bitartean».

EH Bilduk, gainera, esan du gertatutakoa
zinez harrigarria dela, izan ere, Visesak obra lizentzia bati uko egiten dion lehen aldia da historian, administrazio inplikatuek, Gasteizko Udalak, ez dituztelako bere eginbeharrak egin. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, obra-lizentzian atzera egiteaz gain, 2019an ordaindutakoa itzultzeko eskatu dio udalari.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk hainbat ekimen aurkeztuko ditu datozen egunetan Urtaranen gobernuak sustapen horren galeran duen erantzukizuna argitzeko, eta EAJri eta PSEri exijitu die, ahalik eta azkarren, porrot hori konpon dezatela eta etxebizitza publiko eta sozialen sustapen horretarako obrak has ditzatela.