AKTUALITATEA


| 2021-06-08 11:11:00

Olarizuko etxebizitzak eraisteko Urtaranen gobernuak egin nahi duen operazio urbanistikoa salatu du berriro EH Bilduk. 2020ko urrian, EH Bilduk salatu zuen gobernuak 21 Zabalgunean aurkeztutako txosten baten arabera, ingurune horretarako aukera «errentagarri» bakarra 356 etxebizitza eraikitzea izango zela –egun 124 daude–, guztiak salmentarako, eta lautik hiru etxebizitza tasatuen erregimenean. Baina gaur bertan Urtaranek berak hedabide bati egindako adierazpenetan esan duenez, etxebizitza librea izango litzateke, batez ere. Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, «Urtaranek etxebizitza libreko erregimenean 356 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du eta eraikuntza enpresen interesak eta irabaziak Gasteizen babestutako alokairua eskatzen duten 9.000 pertsona baino gehiagoren beharren aurretik jartzen ditu».


Etxebizitzaren Euskal Legeak ezartzen duenez, etxebizitza-arloan erabilgarri dauden baliabideak alokairu-erregimeneko etxebizitzak sustatzera bideratuko dira batez ere, kolektibo behartsuenentzat izan daitezen. «Urtaranek orain arte Olarizu etorbidean bizi ziren pertsonen egoera ilegalak salatzen dituen bitartean, bere gobernuak, EAJk eta PSEk ez dute Etxebizitzaren Euskal Legea betetzen. Lehenengo aukera etxebizitzak birgaitzea eta alokairu sozialerako jartzea izan behar da beti. Aukera hori ezinezkoa balitz eta dauden etxebizitzak eraitsi beharko balira, eraikuntza berriaren helburua Gasteizen gero eta handiagoa den alokairu eskaera asetzea izan beharko litzateke, beste interes alderdikoi eta ekonomiko batzuen gainetik», adierazi du Gonzalezek.


Gainera, EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu du udal-gobernuak bere burua ez balu gai ikusiko aukera horiei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzaren esku utzi beharko lukeela lurzoru liberatua, hark alokairu babestu eta sozialeko etxebizitzen sustapena egin dezan, eraitsitako eraikinen galera lehengoratzeko.

Era berean, eta EH Bilduk behin eta berriz salatu duen bezala, arazoaren muina desbideratu nahi izan da, eta arazoaren ondorioetan jarri nahi izan dute arreta; baina, egia esan, benetako arazoa da etxebizitza egokirik eta eskuragarririk ez izatea biztanleriaren geruza handi batentzat. «Okupak, legez kanpokoak... estaen diete, baina alde batera uzten dute, beste edozeren gainetik, pertsonak direla, eskubideak eta betebeharrak dituzten pertsonak, pobrezia-egoera larrian edo egoera sozial ahulean dauden pertsonak. Udal honek egoera horiei heldu behar die, eta beste bizileku-aukera bat eskaini, bai eta gizarte-baliabideak pertsona horien eskura jarri ere».