AKTUALITATEA


| 2021-06-23 11:22:00

EAJ, PSE eta Elkarrekin taldeek ezohiko osoko bilkura egitea onartu dute gaur goizean Bozeramaileen Batzordean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Berrikuspenerako oinarri izango diren Irizpide eta Helburuen dokumentuari buruzko behin betiko onarpenaren bozketa egiteko. Aukeratutako data datorren uztailaren 1a da, batzordetik pasa eta 10 egunetara soilik.

 

Erabaki horrek HAPOren irizpide eta helburuei buruzko eztabaida sozial bati ekiteko edozein aukera moztea dakar, eta osoko bilkura horretan parte hartzeko eta edozein taldek dokumentuari buruz duen iritzia emateko interesa de facto eragozten du. «Oraingo honetan dokumentua adostuko dutenek presa dute aurrera ateratzeko. Hori bai, parte hartzea goraipatzen duten talde horiek, kasu honetan, herritarrek Gasteizen etorkizuna markatuko duen dokumentu batean eztabaidatzeko, iritzia emateko eta ekarpenak egiteko duten aukera mugatzen dute. EAJ, PSE eta Elkarrekin alderdien jarrerak agerian uzten du herritarren parte-hartzea ez zaiela batere interesatzen edo deseroso daudela adostutako akordioaren edukiarekin», adierazi du Felix Gonzalez EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak.

 

Irizpide eta Helburuen dokumentuaren onarpenak ez du ez-ohiko osoko bilkura baten beharrik, eta datorren uztailaren 23an ospatuko den ohiko osoko bilkuran bozkatzeko aukera legoke. Baina, HAPOren Irizpide eta Helburuen onarpena ez-ohiko udalbatzaren bidetik onartu nahi duten taldeek zehazki, udal osoko bilkuren kopuruamugatzeko erabakiak hartu izan dituzte etengabe, horien kostua aitzakia moduan erabiliz.


EH Bilduk, Udaleko bozeramailearen bitartez, hirigintza planifikazioaren dokumentu garrantzitsu hori presaka ez onartzea eskatu du, edozein eztabaida sozial alde batera utzita, osoko bilkuran parte hartzeko aukera barne. Era berean, hiru talde horiei herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko borondate eza eta udalerriaren etorkizunerako erabakigarriak diren prozesuetan jarduteko modua traketsa aurpegiratu dizkie.