AKTUALITATEA


| 2020-05-15 14:32:00

EH Bilduk berriro ere adierazi nahi du indarrean dagoen espetxe politika ankerra amaitzeko garaia dela. Politika horrek kartzelan dauden pertsonen eskubideak urratzen ditu, eta zigor bat da senide nahiz lagunentzat. Bi hilabete igaro dira honezkero osasun larrialdia hasi zenetik, eta bitarte horretan presoek ez dute bisitak izateko aukerarik izan. Asteburu honetan berriro ere bisitak izatea baimendu den arren, euren herrialdetik kanpo espetxeratuta dauden presoek, gehienek, ez dute aukera hori baliatzeko modurik izango.

EH Bilduren ustez, bada garaia urrunketari behin betiko amaiera emateko, eta gaixorik dauden presoak edo adinekoak askatzeko, hainbat gizarte erakundek sinatu duten manifestuak exijitzen duen bezala.

Bestalde, EH Bilduk Olarizuko etxaldean egindako pintaketak gaitzesten ditu. Euskal presoen eta haien senideen eskubideen urraketa sistematikoa izanik, eta bizi dugun krisi soziosanitarioak egoera are gehiago zaildu duela jakinda, uste dugu horrelako ekintzek ez dutela laguntzen egoera larri hau konpontzeko.