AKTUALITATEA


| 2020-05-06 13:11:00

Aurrekaririk gabeko aurrekontu-berrikuspen batean murgildu da Gasteiz, eta, horregatik, EH Bilduk udal-gobernuari eskatzen dio hiriko partaidetza-organoak martxan jartzeko, prozesu horretan ekarpenak egin ahal izan ditzaten. Hala adierazi du Amancay Villalba Gasteizko EH Bilduko zinegotziak: "Atzerapenik gabe eta datozen bi asteetan, parte-hartze organoak berriro aktibatu behar dira. Gizarte Kontseiluak, bere eginkizunen artean, udal aurrekontuak idazteko nahitaezko txostena egitea dauka. Horregatik, Gizarte Kontseilua deitu behar da, eta, ondoren, Elkarguneak eta Auzoguneak ere".

 

Horrela, ekainaren erdialderako parte-hartze organo guztien lehen bilkura bat egin ahal izatea nahi du EH Bilduk. Egun, udal-jarduera ekintzak eta aurrekontuak doitzean oinarritzen ari da, eta hauek hurrengo asteetan gauzatzen joango dira. Hori dela eta, EH Bilduren proposamena parte-hartze organo horiek premiaz aktibatzea da, euren ekarpenak udal aurrekontuen berregokitzapenean sartu ahal izateko.

 

Gizarte Kontseiluaren deialdia modu telematikoan egingo da, eta udalak baliabideak jarriko ditu hori posible izan dadin, baliabide propiorik ez duten pertsonei konektatzeko aukera emanez. Saio horretan bide-orri bat ezarriko du organoak bai edukiei, bai behar logistikoei dagokienez, Gasteizko partaidetzaren agenda maiatzaren erdialdean berraktibatzeko. Gizarte Kontseiluaren lehen deialdi hau esperientzia pilotua izango da gainerako espazioetan parte-hartzea telematikoki antolatzeko, eta auzoguneen eta elkarguneen deialdiak egin ahal izateko behar logistikoak ezartzea izango du helburu, ahalik eta parte-hartze berme handienekin.

 

Partaidetza-organoen ezohiko artikulazioak aparteko edukiak izan beharko ditu: auzo edo sektore bakoitzaren diagnostikoa egoera berriari buruz, bete beharreko lehentasunak, hartu beharreko neurrien proposamena eta aurrekontua birdoitzeko proposamena.

 

EH Bilduren ustez, beharrezkoa da, aurrekaririk gabeko aurrekontu-doikuntza baten aurrean, parte-hartze organoak eztabaidan sartzea, ezarriko diren neurrien aurrean herritarren iritzia jaso behar delako. "EH Bildun argi daukagu erakundeak sustatzen duen herritarren partaidetzak eraginkorra, inklusiboa, emantzipatzailea, demokratikoa... izan behar duela. Behar espezifiko guztiei erantzun behar die, batez ere, parte hartzeko zailtasun handienak dituzten herritarren beharrei. Erronka handia da deskonfinamendu partzialeko garaietan horrelako parte-hartzea izatea, baina erronka horri aurre egin behar diogu orain, herritarren udal partaidetza, neurri batean behintzat, suspertu ahal izateko", azaldu du Villalbak.