AKTUALITATEA


| 2022-01-31 12:34:00

EH Bilduk 20 zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkio Mahaitxoen Ordenantzari, horien erabilera errazteko eta, aldi berean, gasteiztar guztientzako espazio publikoaren erabilera bermatzeko. «Aurkezten ditugun zuzenketek bi helburu bete nahi dituzte: batetik, pandemiak gehien kaltetutako sektoreetako baten jarduera erraztea, hau da, ostalaritzarena, eta, bestetik, espazio publikoaren erabilera pertsona guztientzat izan dadin bermatzea. Horregatik, besteak beste, itxitura desmuntagarriak dituzten mahaitxoen terrazak baimentzea proposatzen dugu», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.

Pandemian neurri murriztaileek hainbeste kaltetu duten ostalaritza-sektorearen jarduera bultzatzeko asmoz, EH Bilduk Gasteizko Udalak erraz desmuntatu daitezkeen itxiturak dituzten mahaitxoen terrazak baimentzearen alde egin du.

Halaber, mahaitxoak jartzeko, EH Bilduk uste du lurrean ainguratzeak onartu beharko liratekeela, puntualak eta 15 x 15 cm-tik beherakoak, betiere segurtasun- eta irisgarritasun-neurriak betetzen badituzte eta mahaitxoa erabiltzen ez denean ibiltzeko oztopo ez badira. Ainguraketak jarriko dira baldin eta bide publikoa desitxuratzen ez badute eta zoladura hondatzen ez badute eta euste-puntuek elementuaren egonkortasuna bermatzeko behar-beharrezkoak izan behar dutela betetzen bada. Hau da, erraz desmuntatzeko modukoak izan behar dute, oinezkoentzako arriskurik gabe, eta mahaitxoak eusteko segurtasun-elementu bat baino ez dira izan behar. Gainera, terraza kendu ondoren erraz ezkuta daitezkeen elementuen bidez ezarri behar dira lotura horiek.

Beste alde batetik, EH Bilduk hainbat elementu instalatu ahal izatea defendatu du, hala nola berogailu elektrikoak (lehentasunezko aukera gisa), instalaziorik behar ez duten gas-berogailuak edo antzekoak. Beharrezkoa izango da araudi espezifikoan ezarritako baldintza teknikoak betetzea eta Europar Batasunaren CE homologazioa izatea. Homologazio hori nahitaez egiaztatu beharko da sail eskudunak edo ikuskapen- eta kontrol-zerbitzuek eskatuta. Gas-berogailuen eta berotegi-efektuko gasak atmosferara isurtzen dituzten industria-elementu mugikorren kasuan, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera beste berokuntza-mekanismo batzuek ordezkatu beharko dituzte, araudi espezifikoan ezarritako baldintza teknikoekin bat etorriz, eta Europar Batasunaren CE homologazioa izan beharko dute.

Azkenik, EH Bilduk uste du bozgorailuak edo irudi- eta/edo soinu-erreproduzitzaileak instalatzea baimendu beharko litzatekeela, betiere soinu-kutsaduraren arloko araudia betetzen badute. Elementu horiek instalatzeko, aldez aurreko baimena beharko da, eta Udalak baimen hori ukatu ahal izango du, elementu horiek kokatu nahi diren soinu-ingurunea narriatzea eragin dezakeela uste badu.