AKTUALITATEA


| 2019-12-11 10:37:00

Euskal Herria Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die datorren ikasturterako aurrekontuei. "Aurrekontu-proiektu bereziki garrantzitsua da, datozen lau urteetarako gobernu-taldeak planteatzen duen gobernantza-eredua markatzen duelako. Hala ere, proposamen hutsa da, proposamen kontserbadorea, eta anbiziorik gabekoa", deitoratu du Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko bozeramaileak, zeinek argi eta garbi ikusi duen gobernuarekin egindako bilera bakarrean, Urtaranen gobernuaren jarrera baztertzailea. Izan ere, lehenengo momentutik eta ezkutatu gabe, argi utzi dute zein alderdi nahi zuten aurrekontuen arloan bidelagun eta aukera horretatik kanpo utzi dituzte gainerako taldeak.

Era berean, Urtaran kabineteak bereziki berritzaileak ez diren aurrekontuak aurkeztu ditu, EH Bilduk ez bezala, izan ere, proposamen eraldatzaile, aurrerakoi eta berritzailea proposatu duen beste behin ere Larrionek. "Politika berritzailerik gabe, Europako funtsik ere ez da egongo", adierazi du Larrionek, eta EH Bilduk legegintzaldi honetan hiriko proiektuak egitea bermatuko duen Inbertsio Ituna mahaigaineratu du berriro ere.

Hala ere, bozeramaileak azpimarratu du zuzenketa partzialak mantenduko dituztela, EH Bilduk aurrekontuetarako proposatzen dituen ardatz nagusiak jasotzen dituztelako, Rocio Vitero zinegotziak azaldu bezala: "EH Bilduk larrialdi klimatiko eta feministaren aurka borrokatzeko planteamendu integral bat defendatzen du, mugikortasun iraunkorraren alde egiten duena, Gasteiz hiri-zaintzaile bihurtuko duena eta hiri-eraldaketan aurrera egingo duena ere".

EH Bilduk energia berriztagarrien aldeko bere apustua berretsi du, baita deskarbonizazioarekin bat datozen enpresak babesten jarraitzearen aldekoa ere. Hori guztia mugikortasun iraunkor, osasungarri eta seguruaren alde lan egiten duen hiri batean, bidegorriak handituko dituena eta hiriko hainbat zonaldeetako trafiko-arazo larriak konponduko dituena, hala nola, Amerika Latina edo Esmaltazioen biribilguneetan ematen diren arazoak.

Viterok, gainera, Gasteiz berrasmatu egin behar dela defendatu du, eskura dauden baliabideak errentagarri bihurtuz, hala nola, jada eraikita dauden azpiegiturakin. Horri jarraiki, kultura-eskaintzan jarri behar dela arreta azpimarratu du, jada eraikita dauden azpiegiturak aprobetxatzearen alde eginez, Iradier Arenaren kasuan bezala. EH Bilduk, halaber, Gasteizko auzoetan etxebizitzak birgaitzearen aldeko apustua egin nahi du -bereziki, Alde Zaharrean, ageriakoa den premia nabarmenagatik-, eta, horretarako, udal etxebizitza-parke baten beharra berresten du, bai eta gazteen etxebizitza-beharrari erantzuna ematean ere.

Izan ere, aurrekontuek Gasteiz osatzen duten pertsonei begiratu behar diete. Hori dela eta, EH Bilduk adinekoentzako etxebizitza komunitarioak sortzearen alde egin nahi du, zaintzaileei laguntzeko programen alde, egoitzei eta etxeei zerbitzua ematen dien sukalde-eredu berri baten alde. Horrez gain, Rocio Vitero zinegotziak nabarmendu du hiri-proiektuak diruz hornitzea beharrezkoa dela, Emakumeen Etxea eta LGTBI Behatokia kasu.