AKTUALITATEA


| 2021-07-06 10:03:00

EH Bilduk hurrengo osoko bilkuran eskatuko du Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Opengela programaren aurrean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako auzo zahartuen berroneratze eta ekoiraunkortasun estrategiaren barruan, bermatu dadila proiektu horien gaineko azken erabakiak kontrol publikoa izango duela. Hau da, birgaitzea ez egotea erakunde pribatuen erabakien mende, baizik eta interes orokorra lehenestea. Opengela proiektua fundazio baten bidez kudeatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta izaera pribatuko ekimena da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bada ere, Repsol enpresak boto-eskubideen %60 du. Fundazio hori Europar Batasunetik datozen funtsak kudeatzeko erabiliko litzateke, hau da, diru publikoa kudeatzeko, baina, hala ere, enpresa pribatu batek izango luke azken hitza funts horien xedeari buruz.

 

«EH Bilduk uste du ez dagoela inolaz ere justifikatuta diru publikoaren bidez finantzatuko diren zaharberritze ekintzen kudeaketa kanpoko entitate baten esku uztea, are gutxiago kontrol publikorik ez duenean», adierazi du Felix Gonzalez EH Bilduk Gasteizen duen bozeramaileak, Opengelaren estatutuen arabera, «patronatua gobernu-organoa da» eta programa Repsoleko hiru kidek eta Eusko Jaurlaritzako bik osatzen dute.


Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Gasteizko Udaleko Osoko Bilkuran eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari dei egin diezaiola Opengela programa pribatua sortzeko prozedura eten dezan eta negozia eta sina ditzala finantzaketa lortzeko beharrezkoak diren itunak gainerako erakundeekin, betiere proiektu horien inguruko azken erabakiak kontrol publikoa izango duela bermatuta.

Era berean, EH Bilduk eskatu du, auzo zaharrak birgaitzeko programak kudeatzeko beste entitateren bat sortu beharko balitz, «berma dadila entitate horretan sektore publikoak ez duela ordezkaritzaren %50 baino gutxiago izango, hala bermatuta entitateak izaera publikoari eutsiko diola, eta lidergoa zein erabakitze-ahalmena erakunde publikoen eskuetan geratuko dela», adierazi du Gonzalezek. Aldi berean, EH Bilduk eskatu du Opengela izeneko proiektua eraberritze-plan eta proiektu guztietan zein fase guztietan konkurrentzia publikoko lehiaketen printzipioei jarraitzea.

 

Izan ere, EH Bilduren zinegotzi Amancay Villalbak adierazi duenez, «EH Bilduk kezka handiz ikusten du zaharberritze politika egokirik ez dagoela, eta arazo ugari sortu ditu Gasteizen, bereziki Alde Zaharrean, non eraikin asko hustu behar izan dituzten erortzeko arriskuan zeudelako edo egitura arazoak pilatzen hasi direlako. Zaharberritze behar hori, apurka, hiriaren beste zonalde batzuetara hedatu da, 60ko hamarkadatik aurrera Gasteizen zabalpenaren protagonistaizan ziren auzo horietara».


Udal-gobernuak XXI Zabalgunea sozietate publikoan du ezarrita dauka zaharberritze politika horren kudeaketa. Lurralde zinegotzi eta XXI Zabalguneko presidenteak iragarri du Udalak Opengela programan parte hartzea bultzatuko duela, berroneratzea eta zaharberritzea sustatzeko. Villalbaren arabera, «praktikan, Gasteizek zaharberritzean dituen beharrak erabakitzeko eta finkatzeko azken erabakia enpresa pribatu batek gehiengoa duen fundazio baten esku geratuko litzateke».