Olarizu inguruko bizilagunei, hau da, San Cristobal, Adurtza, Salvatierrabide-Batan, Errekaleor eta Goikolarra auzoetako bizilagunei, arreta emango dien Osasun Zentro bat sortzea eskatuko du EH Bilduk osoko bilkuran. Proposamen horrek auzotarren eskaera bati erantzuten dio, eta osasun-ekipamendu berri bat eskatzen du; izan ere, gaur egungoa gainezka dago, bai espazio fisikoari dagokionez, bai giza baliabideei dagokienez. «EH Bilduk kalitatezko osasun publikoaren aldeko apustua egiten du, herritarren beharretara egokitutako instalazio duinak dituzten osasun-zentroetan modu hurbilean eta deszentralizatuan arreta emango duena. Gasteizko Udalak bere herritarren osasun publikorako eskubidea defendatu behar du, azpiegiturak eta beharrezko baliabide teknikoak eta giza baliabideak bermatuz. Olarizuko Osasun Zentroa gainezka dago eta ez du gehiagorako ematen. Herritarren beharrei erantzungo dien zentro berri bat behar da», adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak.
Horrela, Viterok azpimarratu du bi eskaera oso zehatz helaraziko dizkiotela osoko bilkurari. «Alde batetik, Osasun Sailari eta Osakidetzari eskatzen diegu lekualdaketa planifikatzeko eta anbulatorio berri bat eraikitzeko, Gasteizko hegoaldeari zerbitzua emateko eta Olarizuko egungo anbulatorioa ordezkatzeko. Eta, bestetik, udal-gobernuari eskatuko diogu Osasun Sailari eta Osakidetzari hiri-partzela egoki bat bilatzeko eta eskaintzeko, Gasteizko hegoaldean osasun-zentro berri bat eraiki ahal izateko. EH Bildun Osakidetzarekin lursail baten lagapenerako akordio bat bultzatzearen alde agertu gara, Olarizuko anbulatorio berriaren eraikuntza ahalik eta azkarren egin dadin, herritarrek ezin dutelako zain jarraitu». Zonan lurzati egokiak daudela kontuan hartuta, EH Bilduk uste du irtenbidea Gasteizko hegoalde osorako osasun zentro egoki bat martxan jartzea dela.
Gaur egun, anbulategi horrek 20.000 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzua, eta kopuru hori handitzen ari da Goikolarra auzo berriaren hazkundeagatik. Beraz, eremu geografiko eta bizitegi-eremu zabal bati zerbitzua ematen dion zentroa da, eta hainbat patologia mota artatzen ditu, auzo bakoitzean nagusi den biztanleria-eremu askotarikoa dela eta. «Osasun-etxeak gaur egun 65 urtetik gorako 5.600 pertsonari eskaintzen die arreta. Horri gehitu behar zaio beste 3.000-4.000 bizilagunek gaitz kronikoak edota patologia anitzak sufritzen dituztela. Balantzaren beste aldean, Goikolarrako auzo gazteak dituen beharrei aurre egiteko pediatria zerbitzuak dituen gabeziak leudeke. Arreta ratioei dagokienean, mediku/pediatra bakoitzak 1.500 pertsona inguru artatzen dituela kalkulatzen da, bertan lanean ari diren medikuntza arloko pertsona profesionalek salatu izan duten lan zama. Era berean, auzoak beharrezkoa du bestelako espezialitate batzuk eskaintzea. Hala nola, fisioterapia, osasun mentala, geriatria, edo ginekologia, besteak beste», ziurtatu du EH Bilduko zinegotzi Xabier Ruiz de Larramendik.
Hori dela eta, inguruko bizilagunek urteak daramatzate osasun-ekipamenduaren inguruan zerbait egin dadila eskatzen. Are gehiago, Hegoaldeko Auzogunek berak, 2022ko martxoaren 7an, aho batez erabaki zuen Osakidetzari helaraztea hiriko eremu horretan eskaintzen diren zerbitzuei buruzko diagnostiko bat egiteko beharra, egungo zentroa handitzeko edo anbulatorio berri bat eraikitzeko aukerarekin. Gasteizko Osoko Bilkurak, 2022ko irailean, Auzoguneko akordioari jarraiki, Osakidetzari eskatu zion Plangintza eta Garapen Sailak azter zitzala Olarizu hegoaldean osasun-eremuko asistentzia-beharrak, gaur egungoak eta etorkizunekoak, eta, hala badagokio, zehaztu zezala egungo instalazioak handitu edo birkokatu behar ziren. «Gaur egun, bizilagunak eskatu eta bi urtera, Osakidetzak ez du inolako urratsik eman hegoaldeko osasun-arretaren egoera hobetzeko, eta ez du bete diagnostiko-azterlana, Osasuneko sailburuak EH Bilduren galderei erantzunez onartu duen bezala», ohartarazi du Ruiz de Larramendik.