AKTUALITATEA


| 2021-10-13 10:25:00

EH Bilduk hurrengo udalbatzarrean Neguan Ostatu Emateko Baliabidea (NOEB) eta arreta plazen eskaintza berraktibatzea eskatuko du, klimatologiaren ondorioz hala behar denean, eta, horrela, bizi-arriskuko egoerak eta kalean hildakoak saihestea. Era berean, EH Bilduk lehen harrerako Gizarte Zerbitzuen sarera sartzeko irizpideetan malgutasuna berrezartzea eskatuko du. Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, udal gisa «gizarte-zerbitzuen barruan arreta malgua eta zuzena eman behar diogu berriro, udalerriko pertsona ahulenek gaua igarotzeko gune seguru horietara zuzenean sartzeko aukera izan dezaten. Erantzun bat eman behar diegu kalean bizi diren pertsonei».


EH Bilduk ekainean aurkeztutako mozio batean ohartarazi zuen nabarmena zela pandemiaren ondoren kalean bizi ziren pertsonen gorakada. 2019an, Gasteizek 105 pertsona zituen kontabilizatuta, Gizarte Zerbitzuen Sailaren beraren datuen arabera. Orain, hainbat elkarte eta erakunde pribatuk 110 eta 140 artean zenbatu dituzte gaur egun kalean bizi diren pertsonak.

 

«Gobernu honentzat zifrak besterik ez diren arren, zenbaki horien atzean izen-abizenak dituzten pertsonak daude, arreta jasotzeko eskubidea dutenak eta administrazio honek ikusezin bihurtu ezin dituenak. Gero eta pertsona gehiago daude egoera horretan, eta, hala ere, EAJren eta PSEren gobernuak irizpideak aldatzen ditu arreta-zentroetan sartzea eragozteko», nabarmendu du Viterok. Era berean, zinegotzia kezkatuta agertu da Urtaranen gobernuak ez duelako ezer egin nahiz eta pertsona horien egoerak okerrera egiten jarraitzeko dagoen joeraren aurrean. Horren isla dira 2020an bildutako datuak 11 pertsona artatu zirenean, eta 2021ean bildutakoak, non pertsona bakar batek jaso zuen arreta, pandemiaren aurretik artatzen ziren 100dik gora pertsonen aldean.


Gasteiz beti izan da harrera hiria, non bidenabar edo bertan finkatzeko asmoz zeuden pertsonak harrera ona egin zaien beti. Gaur egun, Gasteizek egoitza-baliabideen sare bat du, CMAS, Aterpe, tutoretzapeko etxebizitzak edo NOEB barne, gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden eta bizitzeko etxebizitzarik ez duten pertsonak artatzeko. Baliabide-sare malgua da, kale-egoeran dauden pertsonen beharretara egokitzen dena, eta oinarrizko premiak (elikadura edo higienea, besteak beste) hautemateko eta asetzeko aukera ematen duena. Horregatik, lehen mailako harrera-baliabideak dira, non gauez gune horietara zuzenean joaten diren pertsonak arreta jaso dezaketen eta gizarte-zerbitzuen sarearekin lehen harremana izateko balio duten.


Hala ere, NOEBaren kasuan, murriztu egin da, eta azken neguan 20 plaza galdu ditu. «Urtaranen gobernuak murrizten jarraitzen du pertsona ahulenei arreta emateko zerbitzuetan. NOEBaren itxierak, neguan, hain zuzen ere, arriskuan jartzen ditu kalean bizi direnen osasun eta bizitzak. Ezin dugu, ez erakunde gisa, ez gizarte gisa, beste alde batera begiratzen jarraitu, kalean bizi diren pertsonak ikusezin bihurtu eta artatu gabe utzi, klimatologia okerragoa denean aterpe bat ere ez eskaintzeko mugetaraino», salatu du Viterok, eta dispositiboan arreta emateko 60.000 euro baino gehiago murriztu zirela gaineratu du.