AKTUALITATEA


| 2020-05-28 12:40:00

EH Bilduk AMVISAren kontseiluan eskatu du Dulantzi Kanalean faunaren babeserako neurriak hartzea, azpiegitura horrek bi eragin handi baititu harengan. Alde batetik, arriskutsua da faunarentzat, kanalera eror daitekeelako, hori saihesteko babes-neurririk ez dagoelako. Bestalde, lurraldearen zatiketa dakar, azpiegituraren trazadurak espezie askoren habitatetan banatzen baitu.

Azpiegitura horrek faunan duen eraginaren erakusgarri dira azken asteotan gertatutakoak; izan ere, gutxienez hiru aldiz esku hartu behar izan dute erreskate zerbitzu ezberdinek kanalean eroritako orkatzak erreskatatzeko.

Hori dela eta, Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak AMVISAri fauna babesteko neurriak berehala ezartzeko eskatu dio: "AMVISAk arazoa aztertu eta konponbideak jarri behar ditu. Erortzeko arriskua ekiditeko, neurri hauek proposatzen ditugu: kanalera erortzen den fauna harrapatuta gera ez dadin ihes egiteko arrapalak, zintarriak bezalako oztopoak edo antzekoak erorketak saihesteko eta fauna pasabideak lurraldearen zatiketan inpaktua minimizatzeko".

Izan ere, eragin hori ez da berria faunarengan. Talde ekologistek eta naturaren babesekoek aspalditik salatu dute egoera hori. Hori dela eta, neurriak hartzea premiazkoa dela uste du EH Bilduk, eta neurri horiek ezartzea erraza eta kostu ekonomiko txikikoa izango litzatekeela gaineratu du Villalbak.