AKTUALITATEA


| 2021-04-13 13:42:00

EH Bilduk agerraldia egin du gaur, Urtaranen gobernuak mugikortasun ordenantza erretiratu izana baloratzeko. Felix Gonzalez EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, "erretiratze honek ezin dio amaiera eman mugikortasun ordenantzari. Eta aurrerantzean gobernuak ezin du dekretu-bidez jardun, akatsean sakontzea litzatekeelako. Mugikortasuna funtsezko elementua da herritarren bizitzan, eta parte-hartze bidez landu behar da, eta posible da adostasunak lortzea lanean ari garenean. EH Bilduren ustez, horren alde lan egiteko asmoa badago, herritarrekin eta talde politikoekin adostasunak berreskuratzeko aukera dago".

Urtaranen gobernuak oposizioaren parte-hartze ezari buruz egindako salaketen aurrean, EH Bilduko bozeramaileak horrela itxi du gaia: "Urtaranek hiru gezur bota ditu gaur: gezurra da guk ez dugula eztabaidatu nahi izan, gezurra da ez dugula negoziatu nahi izan, eta gu izan gara gobernuari akordio bat eskaini diogunak".

EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela mugikortasun-ordenantza berriarekin batera hainbat neurri osagarri hartzea bizikleta-azpiegituretan inbertsioa areagotzeko, "30 Hiria" martxan jartzeko, egungo ordena modalari eusteko edo oinezkoentzako eta txirrindularientzako segurtasun-elementu gehiago ezartzeko. Hala, Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, EH Bilduk akordioak lortzeko prest jarraitzen du, "Gasteizen mugikortasun jasangarria, osasuntsua eta pertsona guztientzat segurua bermatzeko akordioak".