EAEn maskarillak derrigor erabili behar diren honetan, elementu hori ezinbestekoa bihurtu da herritar guztiontzat. Hala ere, horien kostua jasanezina da pertsona askorentzat, eta, beraz, EH Bilduk maskarillak eta osasun edo prebentzio produktuak eskuratzeko aukerak hobetzea eta erraztasunak jartzea eskatu du eskuragarriagoak izan daitezen herritarrentzat. Hori dela eta, Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak osoko bilkurari neurri sorta bat ezartzeko eskatuko dio ostiralean.
"Maskarillak nahitaez erabili behar dira, baina mundu guztiak ezin ditu ordaindu. Hori dela eta, EH Bilduk hainbat neurri eskatzen ditu horiek eskuratzeko: besteak beste, osasun edo prebentzio produktuen BEZa kentzea, horien kostua osasun txartelean sartzea prezio finko eta eskuragarri bat ezarriz eta maskarillak doan izatea pertsona edo kolektibo ahulenentzat", azaldu du Gasteizko EH Bilduren bozeramaileak. Azken kasu horretan, pertsona horien osasun-txarteletan sartuko lirateke, eta, halakorik izan ezean, gizarte zerbitzuen bidez jasoko lukete estaldura.
EH Bilduk, mozio horretan bertan, Udalari eskatuko dio doan eman ditzala maskarillak Udalaren ardurapeko oinarrizko jarduera guztietan. "Gizarte Zerbitzuetatik haurreskoletara, udal instalazio guztietan osasun segurtasuna bermatzeko", esan du Larrionek, eta maskarillen erabilerari buruzko informazio kanpaina bat eskatuko dutela gaineratu du.
Halaber, Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak beste mozio bat aurkeztuko du osoko bilkuran, pandemiaren gertaera berrien aurrean kontingentzia plan bat eskatzeko. "Garrantzitsua da pandemiaren gertakari berrien aurrean hiria erantzuteko prest egotea. Horregatik, udal kontingentzia plana sortzea eskatzen dugu, Gizarte Kontseiluak egindako ekarpenak ere kontuan hartuko dituena", adierazi du Villalbak. Era berean, EH Bilduk plana modu parte-hartzailean egitea eskatuko du, herritarrei eta hiriko eragileei irekitako lan saioekin.