AKTUALITATEA


| 2021-11-18 12:05:00

EH Bilduk lehen bilera egin du gaur EAJ eta PSErekin, 2022rako aurrekontuen negoziazioari begira. Urtaranen gobernuak proiektua jendaurrean aurkeztu eta bi astera egin da hitzordua, eta aurretik ez da inolako harremanik edo elkarrizketarik izan udal gobernuko ordezkarien eta EH Bilduren artean.

Bileran, EH Bilduko ordezkariek azpimarratu dute une garrantzitsua dela etorkizunean nahi dugun Gasteiz zehazteko. Etorkizunera begira zalantza batzuk egon daitezkeen arren, agerikoa da Udalak funts gehiago izango dituela 2022ko aurrekontu-ekitaldiari aurre egiteko, eta, EH Bilduren iritziz, funtsezkoa da baliabide horiek udalerriaren lau erronka estrategikoei aurre egiteko erabiltzea: gizarte-babesa eta ongizatea hobetzea, ekonomia suspertzea eta eraldatzea, klima-larrialdiari aurre egiteko trantsizio kementsua, eta mugikortasun eta espazio publiko iraunkor eta segurua bultzatzea. Alderdi horietan guztietan, aurkeztutako proiektua oso labur geratzen da.

EH Bilduk borondate osoa agertu du negoziatzeko eta akordio zabalak lortzeko, baina argi izanda aldaketa sakona behar dela politika publikoetan eta egungo gobernantza ereduan. Ildo horretan, EH Bilduk Urtarani eskatu dio gardentasunez jokatzeko, lerro gorriak alde batera uzteko, eta aurrekontuen negoziazioan Fofelen bidez aurreikusitako likidazio positiboa sartzeko, udalerriaren eraldaketa abian jartzeko une garrantzitsu batean. «Aurreikusita daukagu 18 milioi euroko likidazio positiboa egitea FOFELetik. Ez da EAJren eta PSEren dirua, Gasteizko herritar guztiena baizik, zerga bidez. Aparteko funts horiek erabili behar dira Gasteizko erronka estrategikoei aurre egiteko, eta erabaki hori aurrekontuen gai gisa eztabaidatu eta adostu behar da», azpimarratu du Felix Gonzalez EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak.