AKTUALITATEA


| 2023-01-19 11:43:00

EH Bilduk harriduraz hartu du gobernuak Arana klinika zaharra 350 lagunentzako harrera-zentro bihurtzeko eraikuntza-kontratu baten lizitazioaren albistea. Proiektuari lotutako dokumentazio guztia jaso eta aztertu ahal izateko zain, PSEk, proiektuaren sustatzaileak, eta EAJk, duela hilabete batzuk Estatuko gobernuaren asmoen berri duela onartu duenak, aldez aurretik azalpen publikorik eman ez izana deigarria da.

EH Bilduk
argi du migrazio-krisi bat dagoela, eta ados dago udalerriek lehen harrera errazteko baliabideak izan behar dituztela. «Migrazio-krisiari aurre egiteko abian jartzen diren baliabideek bat etorri behar dute maila lokalean planteatzen den harrera-estrategiarekin, eta irekita egon behar dute alor horretan denbora luzez lanean ari diren eragile eta gizarte-erakundeen parte-hartzera eta ekarpenetara», azaldu du Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak.

Ildo horretan, EH Bilduk uste du makrozentroetan oinarritutako eredua, makro
egoitzekin gertatzen den bezala, ez dela egokia arreta eta laguntza hobea emateko. «Argi eta garbi apustu egiten dugu baliabide txikiagoen, deszentralizatuen eta udal-mailan pentsatuen alde, arreta- eta inklusio-prozesuak ahalik eta hurbilenetik bultzatzeko», adierazi du Viterok. Gainera, eremu horretan lan egiten duten elkarteek errefuxiatuentzako eta migratzaileentzako defendatzen duten arreta-eredua da.

Aukeratutako kokapenari dagokionez, Viterok gogorarazi du 2019an EH Bilduk ingurua sakonki birgaitzea proposatu zuela, Arana Ekosistema deritzogun horretan. Gasteizko berrikuntza ekonomikoa eta soziala sustatzeko proiektua da, epizentroa klinika zaharrean eta ondoko lurretan duena, eta, gainera, Judimendi, Arana eta Salburua auzoen arteko hiri-bilbearen kohesioa eta jarrai
kortasuna bultzatuko zituena. «Aukera galdua litzateke ia hondatuta dauden eraikinetan bakarrik Gasteizko beharretatik deskonektatutako proiektu batean esku hartzea», azaldu du Viterok.

Zinegotziak deitoratu du EAJk eta PSEk ez dutela ekimenik Gasteizen klinika eta haren ingurunea asmo handiz berritzeko proiektu bati ekiteko:
«Esku hartze sakona behar duen aukera-eremu bat da. Zortzi urtez gobernuan egon ondoren, EAJk eta PSEk ez dute ezertxo ere egin Estatuak klinika zaharraren lagapena lortzeko eta eraikinen eta inguruaren birgaitze integrala ahalbidetzeko».