AKTUALITATEA


| 2020-03-31 17:53:00

EH Bilduk udal gobernuari eskatzen dio aukera eman diezaiela oposizioari eta eta sektore ezberdinei COVID-19ak eragindako krisi sozio-sanitarioaren ondorio larriak geldiarazteko hartutako erabakietan parte hartzeko. Miren Larrion Gasteizko EH Bilduko bozeramailearen esanetan, "Denok ados egoteko, lehenik eta behin, egon ahal izateko esparru bat beharko dugu. Beharrezkoa da sektoreen arteko krisi-mahai bat martxan jartzea, denok hitza izateko eta ekarpenak egin ahal izateko. Are gehiago, langileen artean ziurgabetasuna hain handia denean".

 

Izan ere, EH Bilduk jakin ahal izan duenez, Gasteizko Udala telelana egiteari uzteko eskatu die zerbitzu ezberdinetako langileei, Berdintasun Zerbitzukoei kasu. Gobernua aitzakia teknologikoak ematen ari da telelanaren bitartez egin beharreko zereginak geldiarazteko, herritarrentzako zerbitzuak eta langileen eskubideak murriztuz.

 

Espainiako Gobernuak helarazitako Errege Lege Dekretuaren arabera, "Lanean telelanaren bidez normaltasunez jarraitu dezaketen langileek" hala egiten jarraituko dutela dio. Era berean, Gasteizko Udaleko Giza Baliabideen Sailak, joan den martxoaren 17an, ohar argigarri bat igorri zuen, eta bertan adierazten zuen telelanaren modalitatea baliatu ahal izango dutela "Zerbitzu Zuzendaritzak eta Saileko Zuzendaritzak beren etxetik lan egin dezaketela erabakitzen duten lanpostu guztiek".

 

Hala ere, udal-gobernuak erabaki du funtsezko lanpostuetako langileek soilik egin dezaketela telelana. Hori dela eta, EH Bilduk egoera hori konpontzeko eskatu dio udal gobernuari, eta, aldi berean, gaurko Bozeramaileen Batzordean txosten bat eskatu dio osoko bilkurako Idazkari Nagusiari, udal-gobernuaren neurri horri buruz.

 

EH Bilduren ustez, oposiziotik leialtasunez eta elkartasunez lan egin da hasieratik, krisialdian zehar legeak gobernua fiskalizatzeko ahalbidetzen dituen batzordeak edo bestelako tresnak alde batera utzita. Horrela egin da, oposizioak une oro ulertu duelako lehentasuna krisia geldiaraztea eta krisiari irtenbidea bilatzea dela. EH Bilduk, egoera hasi zenetik, behin baino gehiagotan azpimarratu duenez, "Ez da lehiatzeko unea, elkarlanean aritzekoa baizik". Hala ere, lan hori oso zaila izaten ari da, gobernuak orain arte erakutsi duen borondate faltagatik.

 

Egungo krisiak akordioak eta baterako jarduerak eskatzen ditu, guztion lankidetzarekin bakarrik lortuko baitugu aurre egitea. Hori dela eta, EH Bilduk udal gobernuari eskatzen dio bere desadostasunak alde batera uzteko eta oposizioari bere lana egiteko aukera eman diezaiola, ekarpen eta proposamen positiboekin, EH Bilduk orain arte egin bezala.

 

Hori dela eta, EH Bilduk udal gobernuari eskatzen dio sektorearteko krisi-mahaiari baiezkoa emateko eta mahai hori sortzea eta martxan jartzea onartzeko, Arabako beste herri batzuetan egin den bezala, Laudion eta Amurrion, adibidez, non kasu gutxiago antzeman diren arren eta eragina txikiagoa izan den arren, mahaia sortzea onartu den.