AKTUALITATEA


| 2020-04-23 13:46:00

Osasun-larrialdi egoerak gure udalerriko beharrak eta lehentasunak irauli ditu. EH Bilduren ustez, larrialdi horren ondorioz iritsiko diren arazoei eta erronkei aurre egiteko, neurri zehatz batzuk hartu beharko dira. Hala nola, eta ekonomiari dagokionez, guztion ongizaterako, inor atzean utziko ez duen ekonomia jasangarri eta inklusibo batean oinarritutako zerga-sistema progresibo eta bidezko bat ezarri behar da.

Egungo egoerak jarduera arduratsuak eskatzen ditu eta ezin dira errepikatu 2008ko krisian egindako akatsak. Miren Larrion Gasteizko EH Bilduren bozeramaileak esan duenez, "Desoreka sozialak ugaritu zituen krisia izan zen, eta ez gaude prest oraingo honetan inor atzean uzteko. Politika publikoak inoiz baino beharrezkoagoak diren egoera honetan, eta horregatik erantzukizunez jokatu behar da diru-sarreretan. Denak ez du balio. EH Bildun argi daukagu zer zerga-sistema nahi dugun: gehien dutenek ekarpen gehiago egingo duten sistema bat, pertsonen egoera ekonomikora progresiboki egokitzen den sistema bat, ihes egitea eta iruzur fiskala ahalbidetzen eta errazten ez duen sistema bat".

Arabako gainerako udalerriek ez bezala, Gasteizkoak diru-sarrera propioak sortzeko gaitasuna du. EH Bilduk ordenantza fiskalen eztabaidan planteatu zuen bezala, orain ere erreklamatzen du elektrizitate eta energia enpresek lurzoruaren erabileragatik tasa bat ordaintzea beharrezkoa dela. Baliabide ekonomikoei eusteko iturri berriak bilatu behar dira, krisiak gehien eragiten dien sektoreei karga gehiago jarri gabe.

Diru-sarreren beste zati handi bat erakunde komunen kutxatik datoz(FOFEL). "Ahaldun nagusiak udal guztiak bildu zituen eta funts horren jaitsiera handia iragarri zuen. Nola konpentsatuko du Gasteizko Udalak beherakada hori? Zer planteatuko dio AFAri? FEPEL erabiltzea eskatuko dio? Itzulketak atzerapena eskatuko du?", galdetu du Larrionek.

EH Bilduk ulertzen eta onartzen du erakunde publikoek erantzun koordinatua eta partekatua emateko duten erantzukizuna, Gasteizko eragileekin eta, oro har, herritar guztiekin lankidetzan. "Bihar mozio bat eramango dugu Gasteizko Udalbatzara, COVID-19ak eragindako krisiaren jarraipena egiteko Batzorde Berezi bat sortzea eskatzeko. Herritarren hausnarketak, iritziak eta eskaerak bideratzeko batzorde bat, gure udalerriko eragile sozial, ekonomiko, sindikal, kultural eta bestelakoen ekarpenetara irekia", amaitu du Larrionek.