AKTUALITATEA


| 2020-03-23 10:09:00

EH Bilduk gaur goizean helaraziko dio Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordeari Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta, oro har, Gasteizko herritarren zaintza indartzeko beharra, une honetan, non, COVID-19ari aurre egiteko, elkartasuna eta elkarrekiko zaintza ezinbesteko zutabe bihurtzen diren.

Gaur egungo alerta-egoerak bi egoera sortu ditu: batetik, profesionalen aurrez aurreko esku-hartzea mugatzea eta telefono bidezko arreta behar izatea eta, bestetik, laguntza-eskaria handitzea. Hori dela eta, Oinarrizko Gizarte-Zerbitzu bakoitzean triajeko gizarte-langile bat sartzea proposatzen du EH Bilduk. Hasierako eta premiazko arreta 72 orduko epean emango duen profesional bat, lehen kontaktu horren eta eskariaren sailkapenaren ondoren, baloratu dezan Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan arretaren menpe jarraitu behar duen edo dagozkion zerbitzu espezializatuen sarera bideratuko duen, prestazioak izapidetzeko edo planteatutako eskariari buruzko beharrezko informazioa emateko.

Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, "Hasierako hitzordu asko informazio- eta aholkularitza-eskaerak dira; beraz, horrelako arreta batek sarearen saturazioaren zati handi bat saihestuko du, eta berehalako erantzuna emango zaie hala eskatzen duten pertsonei".

Era berean, Viterok eskatu du prestazio ekonomikoak jaso ahal izateko irizpideak malgutzea, handitzea eta dibertsifikatzea, hala nola Larrialdietarako Udal Laguntzak eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), familiek eta pertsonek aurre egin beharreko zailtasun ekonomiko berriei berehalako erantzuna emateko.

Familia- eta pertsona-unitateek planteatuko dituzten zailtasun ekonomikoak benetakoak izango dira. Hornidura-, ordainketa- eta oinarrizko-gastuen aurre egitea ezinezkoa izango da pertsona askorentzat. Hori dela eta, Vitero zinegotziak esan duenez, "EH Bilduk partida horiek baliabide nahikoz hornitzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak erraztuko ditu, eta prestazio horiek malgutasun handiagoz eta berehala eman ahal izatea eskatuko du, kasu bakoitzeko erreferentziazko profesionalak balorazioa egin ondoren".

 

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua indartu

EH Bilduren ustetan, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan hartu beharreko neurriak hartzailearen arabera bereizi behar dira. Alde batetik, erabiltzaileei zuzendutakoak eta, bestetik, zerbitzuko profesionalei.

Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen kasuan, EH Bilduk azpimarratu du zerbitzua indartu behar dela, eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua handitu behar dela, erreferentziako profesionalaren irizpidearen arabera, beriziki adinekoentzako eguneko zentroetara joaten ziren pertsonen kasuan. Etxeko konfinamenduak artatutako pertsonen mendekotasuna larriagotzea dakarrenean, erreferentziazko profesionalaren iritziz modu justifikatuan denean, EH Bilduk Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren estaldura aldatzeko eta handitzeko aukera planteatzen du. Era berean, Administrazioak zaindu beharko du etxeko zerbitzu hori jaso dezakeen adineko inor ez dela arrazoi ekonomikoengatik estalduratik kanpo geratuko.

 

Profesionalen egoera hobetzeko proposamenei dagokienez, EH Bilduk, beren jarduera profesionala modu seguruan egiteko behar duten ekipamendua bermatzea eskatzen du, eta Administrazioak beharrezko Norberaren Babeserako Ekipamenduak dituztela bermatu beharko du. Era berean, profesionalen sintomatologia kasuan, COVID-19aren proba egin beharko zaie lehentasun osoz, eta behar den lan-estaldura izan beharko dute. Azkenik, jarduteko protokolo argiak ezarri beharko zaizkie, ezarritako osasun-irizpideekin bat datozenak (norberaren edo artatutako pertsonen kutsatzeetan bete beharreko jarraibideak, ekipamenduak jarri ahal izateko guneak prestatzea etxeetan…).

 

Laguntza psikologikoa eta telefono bidezko laguntza

Krisi sozio-sanitario honek eragindako egoeraren aurrean, EH Bilduk telefono bat eta/edo online arreta jartzea proposatu du, sektoreko profesionalek laguntza psikologikoa eta jarraipena eman diezaieten hala eskatzen duten pertsonei. Viterok dioenez, "Isolamendu sozial horrek, kasu askotan, inguruarekin kontaktua galtzea, desegonkortze pertsonala edo aurretiazko patologien larriagotzea eragiten du, eta, beraz, inoiz baino garrantzitsuagoa da zaintzak indartzea eta pertsonen egunerokotasuna erraztea".

Era horretan, arreta psikologikoko zerbitzuak egoera horretan zer egin behar den jakiteko jarraibideak eskaini ahal izango ditu, hala eskatzen duten pertsonak artatuta eta ahaztuta senti ez daitezen ahalbidetuko du, eta segurtasun-telefono gisa balioko du. Era berean, beldur, kezka, antsietate edo deskonpentsazio sentsazioak murrizteko tresna izango da zerbitzua, adibidez. Era berean, zaurgarritasun edo larritasun handieneko egoeran dauden pertsonei jarraipena egiteko aukera emango du, dagozkion baliabideak aktibatu ahal izateko.

Gasteizen, hainbat profesional telefono bidezko jarraipena egiten ari zaizkie adineko pertsonei, haurrei eta familiei, oro har, eguneko arretarako zentroetara joaten ez direnei, isolamenduak eragindako gorabeherei aurrea hartzeko. Horregatik, EH Bilduren proposamena jarraipen sozial horren osagarria da, jarraipena eta laguntza psikologikoa indartuz, isolamendu horrek eragin ditzakeen ondorioak modu egokiagoan murriztu eta kudeatzeko.