AKTUALITATEA


| 2021-04-14 13:18:00

EH Bilduren ustez, Gasteizen energia eta elektrizitate konpainia handiei tasa berri bat jartzearen aurka 'Red Eléctrica Española (REE)' konpainiak auzitegietan jarri duen helegitea aurreikus zitekeen. Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak udal lurzoruan elektrizitatearen eta energiaren garraioa zergapetzen duen tasa mantentzearen aldeko defentsa irmoa egiteko eskatu die EAJ-ri eta PSE-ri.


"Tasa hori urrats bat da, moderatua, baina esanahi handikoa, gehien dutenek zerga gehiago ordaintzeko bidean. Konpainia handiek ordain ditzatela espazio komunaren erabileratik lortzen dituzten onurak. Ez gaitu harritzen enpresa handi horiek euren estatusa mantendu nahi izanak, baina horregatik tasaren defentsan jarraitu behar dugu", adierazi du Viterok. Bere ustez gainera, Gasteiz aitzindaria izan da tasa ezartzen, eta Arabako gainerako toki-erakundeen defentsarako eredu eta gida izan behar du.


Gasteizen kasuan, ordenantza martxan jartzearekin batera, txosten juridiko batzuk egin dira, eta, hasiera batean, tasa berria blindatu beharko lukete, edozein helegiteren aurrean, baina argi utzi du konpainia horien estrategia toki-erakundeak beldurtzen saiatzea dela, antzeko tasak onartzeko edozein ahaleginen aurrean. Horregatik, EH Bilduk konpromiso argia eskatu die EAJ-ri eta PSE-ri, tasa berria Araba osora zabaltzeko.


Ildo horretan, seinale txarra da Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekaren Departamentuak argitaratu berri duen txosten teknikoa. Txosten horrek ez die inola ere erantzuten eskatu zen planteamenduei, eta foru-gobernuaren epelkeria kezkagarria islatzen du, herrialdean tasaren kobrantza orokortzeko aukerari dagokionez. "Txostenak justifikatu egiten du aurreikusten diren baliabideetatik eratorritako gastuen aurrean 'antiekonomikoa' izan daitekeela tokiko erakunde batzuetan tasa onartzea. Jarrera horrek, de facto, xantaiari eta energiaren sektoreko enpresa handien asmoei amore ematea dakar, fiskalitate justuago batean aurrera egin ez dadin", azaldu du zinegotziak.


EH Bilduk jarrera askoz ere proaktiboagoa eskatzen die foru gobernuari eta hura sostengatzen duten alderdiei, horrela nahi duten Arabako toki entitateek Gasteizen indarrean dagoenaren antzeko tasak garatu eta martxan jartzeko aukera bermatzeko. Aldundiak tasa izapidetzeko eta onartzeko behar den laguntza teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa toki-erakundeen, udalen eta kontzejuen esku jartzea defendatzen du EH Bilduk.