AKTUALITATEA


| 2020-03-21 11:11:00

COVID-19k eragindako osasun krisiaren aurrean, eh Bilduk kaleak desinfektatzeko plan bat martxan jartzea proposatu du, Gasteizko Udalaren elurte planaren egokitzapen batetik abiatuta. Miren Larrion buru duen formazioarentzako lehentasuna osasun larrialdiari aurre egitea da. "Beharrezkoa ez den jarduera oro eten behar da, eta konfinamendua indartu; beraz, larrialdi egoerari aurre egiteko jardueretan soilik jarri beharko litzateke indarra", dio Larrionek.


EH Bilduren ustez, kaleak desinfektatzeko planteamendua beharrezkoa da, orain arte hartutako neurrien osagarri gisa. Desinfekzio horri, ahal den neurrian, udalerrian ditugun baliabideekin erantzun behar zaio. Era berean, eskertzekoa da hainbat sektorek (nekazariak, suhiltzaileak, etab.) zeregin horretan laguntzeko azaldu duten borondatea.


Hori dela eta, EH Bilduk bi sektore horien eskaintza bide ezberdinetatik egiaztatu du eta asteleheneko, martxoaren 23ko, Bozeramaileen Batzordean, desinfekzioa gauzatzeko proposamena egingo du. Udal mailan, Gasteizek tresna egokia du lan hori bideratzeko eta larrialdian jarraitu beharreko pausoak argitzeko: elurteei aurre egiteko udal plana.


Plan horrek udal baliabideen antolamendua eta banaketa ezartzen ditu elurteak gertatuz gero. Dokumentu horrek erabakiak nola hartzen diren, nork hartzen dituen eta non, eta koordinazioa nola gauzatzen den arautzen du. Hori dela eta, EH Bilduren ustez, plan hori egokituta, osasun krisia gainditzen lagun dezake. Azken batean, larrialdi baten aurrean nola jokatu zehazten duelako: zer egin behar duten SPEIS larrialdi zerbitzuek, Udaltzaingoak eta udaleko hainbat departamentuk.


Desinfekzio-lan horiek egiteko, udal-langileen laguntza beharko litzateke (FCC, mantenimenduko langileak …), baina, horretarako, Gasteizko EH Bilduren bozeramaile Miren Larrionen ustez, "Ezinbestekoa da norbera babesteko ekipamendu egokiak ematea, segurtasun-irizpide argiak ezartzea eta desinfekzio-ekipoak erabiltzeko jarraibide argiak ematea". Aipatutakoaz gain, eta ez garrantzi gutxiagokoa, beharrezkoa litzateke langileen oniritzia izatea, inposizioa ez baita bidea.


Planak aurreikusitako krisi-mahaia eta, beharrezkoak balira, koordinazio-zentroak eratu ondoren, bide-orri bat zehaztu beharko litzateke, eskura dauden giza baliabideak eta baliabide materialak auzoz auzo nola zabalduko diren zehaztuz, datozen egunetan ahalik eta espazio gehien garbitu ahal izateko.