AKTUALITATEA


| 2024-03-26 10:20:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du datorren osoko bilkuran, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Jundizeko industrialderako mugikortasun-azterlan bat egin dezala, Udalarekin elkarlanean, 2024 amaitu baino lehen. Azterlan horretan, EH Bilduren Gasteizko bozeramaile Rocio Viterok adierazi duenez, besteak beste, tranbia industrialderaino luzatzeko aukera aztertuko dute, baita mugikortasun elektriko intermodalaren eskaintza hobetzeko beste aukera batzuk ere. «Gasteizek mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko erronkarik handiena lanerako joan-etorri horietarako mugikortasun-alternatiba erakargarriak egitea da. EH Bildun lehenengoak izan ginen Zabalganako tranbia Jundizko industrialderaino hedatzea proposatzen, eta uste dugu poligonoaren atarian uztea, honen bihotzeraino eraman beharrean, aukera galdua izango litzatekeela».


2022an, eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean tranbia Jundizko industrialderaino hedatzea eskatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak baztertu zuen ibilbidea Jundizeraino luzatzeko aukera Zabalganako proiektuarekin batera egitea, obraren gauzatzea asko atzeratuko zuela argudiatuta. Edonola ere, Garraio Sailak ez zion atea erabat itxi aukerari, Irekia webgune ofizialean agertzen den bezala: «(...) Eusko Jaurlaritzak Udalari eskatu dio ez dezala sartu tranbia Mercedesen lantegiraino hedatzea gaur egungo informazio azterlanean; izan ere, nabarmen baldintzatzen eta atzeratzen duelako proiektuaren garapena. Garraioetako Saila ados dago mugikortasun-azterlan batean parte hartzearekin, hiriko puntu horri eta haren eskari espezifikoari zerbitzua emateko sistema egokiena zein den aztertzeko. Eta gogorarazi du tranbia Zabalganara eramateko gaur egungo proiektuan Jundizerako hedadura hori ez sartzeak ez diola atea ixten etorkizunean tranbia puntu horretararte zabaltzeari».

 

Hala eta guztiz ere, urte eta erdi geroago, ez da azterketa hori egin, Viterok adierazi duen bezala: «agindutako azterlana ez da gauzatu. Bitartean, Udalak sustatu duen Industrialdeetarako Mugikortasun Planari anbizioa falta zaio, ez baitu garraio publikoan sakoneko proposamenik jasotzen. Beraz, anbizioa eta borondate politikoa falta dira industrialdeetarako mugikortasunaren auzia konpontzeko». Zentzu berean, EH Bilduko zinegotzi Amancay Villalbak gaineratu du: «"etorkizuneko hedapen" horri buruz hitz egiteko garaia iritsi dela uste dugu, eta orain gauzatu behar eta ahal dugu 2022an gehiengo politiko zabal batek eskatzen zuena: tranbia Jundizera luzatzeko aukera aztertzea».



Izan ere, Gasteizen, 37.500 langile joaten dira egunero udalerriko industrialdeetako lantokietara. Joan-etorri horien %70 ibilgailu pribatuan egiten dira, eta Gasteizek mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko erronkarik handiena lanerako joan-etorri horietarako mugikortasun-alternatiba erakargarriak egitea da. Udalak berak egindako inkesta baten arabera, hamar pertsonatik zazpi prest egongo lirateke garraiobide jasangarri batean lan egitera joateko, baldintza erakargarririk balego. Jundizen kasuan, 22.000 pertsona joaten dira egunero, eta bertara egiten diren joan-etorriek hiri osoko trafikoan eragiten dute. «Bitartean, Gasteizko garraio publikoaren sarea norabide egokian hazten joan bada ere, alde batera utzi da industrialdeen arazoa eta horri ekiteko garaia da», ziurtatu du Viterok.