AKTUALITATEA


| 2023-12-19 10:25:00

EH Bilduk gaur goizean aurkeztu du 2024ko udal aurrekontuetarako proposamena, zuzenketa moduan. Rocio Vitero Gasteizko bozeramaileak esan du proposamen «errealista» dela, jendearen bizi-baldintzak hobetzeko eta babes soziala handitzeko akordioa lortzeko bideak irekitzen dituena. «Argi dago PSEk eta EAJk aurkeztu duten aurrekontu proiektua ez dela EH Bilduk aurkeztuko lukeena. Baina uste dugu badagoela hobetzeko tartea, eta proiektu estrategiko batzuek ezin dutela itxaron. Herritarren eta udalerriaren beharrei erantzuteko proposamen errealista aurkezten dugu EH Bildutik. Gizarte-babesa hobetzean, etxebizitza publikoen eskaintza handitzean, eraldaketa ekonomikoa sustatzean eta trantsizio energetikoa azkartzean oinarritutako proposamena. Gasteiz hiri anitza eta plurala bihurtuko duen proposamena, hiri bizigarria egingo duena. Proposamen hau elkarrizketarako eta negoziaziorako borondate osoarekin aurkezten dugu, Gasteiz norabide aurrerakoian jarriko duen akordio bat lortzeko, eskubide gehiago eta hobeak eta bizi-kalitate handiagoa eta hobea bermatuko duena», adierazi du Viterok.

Horrela, babes sozialaren blokean, EH Bilduk baliabide eta zerbitzu deszentralizatu berriak ematea proposatzen du, auzoetan
etxebizitza komunitario berriak eraikitzea bezalako proiektuekin. Egun 200 pertsona baino gehiagoko itxaron-zerrenda dago, eta, erronka demografikoa kontuan hartuta, zifra horrek gora egiten jarraituko du. Horregatik, datorren urtean 30 lagunentzako etxebizitza komunitarioak martxan jartzea proposatu du EH Bilduk, legealdi osoan 60 etxebizitza komunitario berri eraikiz, orain daudenen bikoitza. Etxebizitza komunitarioekin batera, adinekoen jantoki-sarea handitu behar dugu. «Datorren urtean Sansomendin 60 lagunentzako jantokia martxan jartzea proposatzen dugu, eta legealdian, inbertsioari eutsiz, Judimendi, Aranbizkarra eta San Kristobal auzoetan beste 3 jantoki berri egitea, horrela 200 pertsona gehiagorentzako menuak eskainiz», dio Viterok. Era berean, bloke horretan, EH Bilduk zaurgarritasun- eta gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeei arreta emateko zentro bat sortzeko proposamena sartu du.

Etxebizitza publikoaren eskaintza handitzeari dagokionez, EH Bilduk urtero babes ofizialeko 20-25 etxebizitza berrerostea proposatu du, lehentasunez erosteko eta e
rretrakto formularen bidez. «Etxebizitza horiek alokairu irisgarrian jarriko dira, bai gazteentzat, bai zaurgarritasun handieneko egoeran daudenentzat. Are gehiago kontuan hartuta alokairu sozialeko etxebizitzen eskatzaileen kopuruak gora egiten jarraitzen duela, dagoeneko 10.000 baino gehiago baitira», azpimarratu du bozeramaileak, eta EXXIek urtean gutxienez 10 etxebizitza birgaitzea proposatu du, merkatura ateratzeko, legegintzaldian 40 izatera iritsiz. «Bi neurri horiekin, babes ofizialeko etxebizitzak berrerostearekin eta birgaitzearekin, legealdian zehar 120 etxebizitza inguruko eskaintza propioa izatea ahalbidetuko litzateke».

 

Aurkeztutako hirugarren blokea eraldaketa ekonomikoa sustatzearena da. Bertan, sektore emergenteentzako enplegu-planak bultzatzea proposatzen dugu, Gasteizko enpleguaren erronka estrategikoekin datozenak, besteak beste zaintzak, trantsizio ekologikoa, birgaitze eta eraginkortasun energetikoa, industria-sektorearen eraldaketa edo lehen sektorea eta jarduera ekologikoaren sustapena bezalako sektoreak. «Programa berri bat abian jartzea nahi dugu, urtero 100-120 lanpostu sortzeko; horrek 450 lanpostu ekarriko lituzke legealdirako». Ildo horretan, merkataritza-lokalak dinamizatzea proposatzen dugu, proiektu berrietara bideratutako lokal propioak merkaturatuz, epe luzerako alokairu merkeen truke itxitako merkataritza-lokalak birgaituz edo lokal pribatuak biziberrituz. Bloke honetan, gainera, merkataritzan belaunaldi-erreleboko programa baten aldeko apustua egiten dugu, dirulaguntzen bidez, urtean 10-15 salmenta-puntu eskualdatzea lortzeko, bai eta ostalaritzako lokalak intsonorizatzeko laguntza-lerro baten alde ere.

Trantsizio energetikoaren b
izkortzeari dagokionez, udal-mailan komunitate energetikoak sortzea planteatzen dugu, eremu degradatu izendatutako Gasteizko auzoetarako programa propio baten bidez. «Zailtasun handienak dituzten eremuei horrelako proiektuak martxan jartzea erraztearen aldeko apustua egiten dugu. Eremu degradatuetan, gaur egun EEEk eskaintzen dituenak baino neurri erakargarriagoz finantzatuko litzateke. Horrela, urtean 8-9 komunitate jarri nahi ditugu martxan, 600-700 etxebizitza inguru hartuko dituztenak. Horrela, baliabide gutxien dituzten edo zaharragoak diren auzoak energia-trantsizioan atzean geratzea saihestuko genuke», ziurtatu du Viterok. Arlo horretan mugikortasun jasangarria ere sartzen da, EH Bildurentzat funtsezko zutabea baita. Ildo horretan, bizikleta-maileguen programa bat planteatzen du, lanpostuetarako garraioa sustatzeari lotua. «Gasteiz da bizikletak alokatzeko sistemarik martxan ez duen Hego Euskal Herriko hiriburu bakarra. Horregatik, bizikleta elektrikoak erosi nahi ditugu mugikortasun iraunkorra eta intermodalitatea sustatzeko, industrialdeetara, lantokietara, aisialdi-guneetara edo zerbitzu publikoetara joan ahal izateko. Zerbitzu hori, martxan jarriz gero, legealdiaren amaieran gutxienez 250 bizikleta eta 25 karga-puntu izango lituzke». Azkenik, trantsizio energetikoaren bloke honetan, EH Bilduk ETEak deskarbonizatzeko laguntza lerroak ere proposatu ditu batetik, eta azken baliabideko tarifa desagertuko balitz, galdara komunitarioen fakturei aurre egiteko laguntzak bestetik.

Bosgarren eta azken blokea Gasteiz hiri b
izigarriagoa bihurtzekoa da. Eraikinaren egoera diagnostikatu ondoren, Iradier Arena birmoldatzeko behar den inbertsioa proposatu du EH Bilduk. Halaber, Oihaneder kultur sorkuntzarako eta tokiko artistentzako erreferentziazko gune bihurtzeko proposamena egin du. Euskara sustatzeko ekimenak gehitu ditu ere. Era berean, Gasteiz eta Araba Erdialdea Biosferaren Erreserba izendatzeko prozesua abiarazi nahi du. «Eta, ez ditugu auzoak eta auzotarrak ahazten, eta Alde Zaharrean zuntzerako sarbidea bermatzea eta Goikolarran Gizarte Zentro bat sortzea dira gure aldarrikapenetako bi».