AKTUALITATEA


| 2021-10-28 10:38:00

Orain dela urtebete baino pixkat gehiago iragarri zen Ensanche XXI Zabalgunearen eta eraikuntza enpresa talde baten arteko akordio bat. Akordioaren bidez hainbat lursail berrerostea onartu zuen udal gobernuak. Orube horiek duela hainbat urte adjudikatu ziren, baina enpresek uko egin zioten horietan eraikitzeari. Urtebete geroago, EH Bilduk ziurta dezake akordioaren baldintzak ez direla betetzen ari. Esleipenetarako aurreikusi zen egutegia ez da bete, eta babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko orubeen lizitazioa gutxienez bost hilabete atzeratuko da.

 

Eraikuntza enpresek jarri duten aitzakia da gaur gaurkoz ez dagoela eskaerarik jabetzan babes ofizialeko etxebizitzak erosteko. «Egoera ezaguna zen akordioa iragarri zenean, eta EH Bilduk azken garaiotan behin eta berriro salatu du: Etxebiden erroldatuta dagoen etxebizitza eskaeraren %95 babestutako alokairua nahi du», azaldu du EH Bildu Gasteiz udal taldeko bozeramaile Felix Gonzalezek.

 

Urtaranen gobernuak egutegia atzeratzea onartu du, eraikuntza enpresek propio hala eskatuta. «Hau da, berriro ere eraikuntza enpresak dira Gasteizko etxebizitza politika ezartzen dutenak», azpimarratu du Gonzalezek.

 

Jatorriko egutegiaren arabera, 35 hilabetean 11 orube lizitatu behar ziren. Itun horren defentsan, argudiatu zen akordioa sinatu zuten enpresa horiek eurek lizitazioetara jo eta orubeak berriro erosiko zituztela. Bada, gaur gaurkoz aurreikusitako orubeetatik lau atera dira lizitaziora. Azken lizitaziora ez zen inor aurkeztu. Are gehiago, hirugarren lizitaziorako ere eskaintzarik ez zuten aurkeztu akordioa sinatu zuten enpresetatik bat berak ere ez, eta ez zen esleitu gabe geratu itunetik kanpo dagoen enpresa bat aurkeztu zelako. Lau orubeetatik bakar batek du gaur egun eskritura irmo bat sinatuta.

 

Gogoratu behar da EXXI eta eraikuntza enpresen arteko itunaren baldintza zehatzak konfidentzialtasun klausulen azpian ezkutatzen direla. Hau da, ez dira publikoak akordioaren xehetasunak . Berriro diogu: eskandalagarria da etxebizitza bezalako gai funtsezko batekin erabakiak hartzea hiritarrei bizkarra emanda.

 

Urtaranen gobernuak ziurtatu zuen akordio handia zela, besteak beste, babestutako etxebizitzaren eskaintza berpiztea eragingo zuelako, beti ere ejabetzan, eta lortuko ziren diru sarrerei esker hirian zaharberritze «masiboa» ahalbidetuko zela. Urtebete igarota, egutegia ez da bete, diru sarrera horiek ez dira iritsi, eta ez dago euro bat bera ere gehiago zaharberritzerako.

 

Zergatik da garrantzitsua atzerapen hau? Akordioaren klausuletan jasotzen denaren arabera, hiru urte barru udal gobernuak, EXXIren bidez, ez badu orubeak berrerosteko diru guztia bueltatu, EXXIek lortzen duen diru sarrera oro bideratu beharko du eraikuntza enpresei ordaintzeko.

 

«Erlojua ez da gelditu: urtebete baino gehiago igaro da, eta ia ez dago diru sarrerarik hartutako zorra ordaintzeko. Lizitazioen prozesua gelditzeak soilik egiten die mesede eraikuntza enpresen interesei, bai edo bai bi urte barru dirua kobratuko dutelako», ohartarazi du Gonzalezek.

 

EH Bilduk berretsi nahi du duela urtebete salatu zuena: hau bazen eta bada akordio bat soilik iraganean euren betebeharrak bete ez zituzten eraikuntza enpresen mesederako, eta EXXIren kontuak uzten ditu enpresa horien aldebakarreko erabakien menpe. «Gerta daiteke, behin hiru urte igarota, ez bakarrik ez dela babestutako etxebizitzaren eskaintza berpiztu, udal gobernuak ziurtatu zuen bezala, baizik eta aipatutako eraikuntza enpresen poltsikoetan amaitzea EXXIek zaharberritzera bidera zezakeen diru apurra», adierazi du bozeramaileak.