AKTUALITATEA


| 2023-03-14 12:23:00

EH Bilduk Iradier Arena Gasteizko kultur eta aisialdi eskaintza hobetuko duen erabilera anitzeko gune bihurtzeko proposamena plazaratu du gaur goizean. 15 urte baino gehiago bete dira Iradier Arena martxan jarri zenetik, eta ez du erabilera anitzeko espazioaren hasierako helburua bete. «Horregatik, beste 15 urte hutsik igaro ez ditzan, EH Bilduk anbizio handiko esku-hartze integralaren alde egiten du, eraikinak duen potentzial guztia aprobetxatzeko eta erabilera anitz erreal bihurtzeko, bokazio eszeniko eta kultural argiarekin», adierazi du Rocio Vitero alkategaiak.

 

Halaber, Viterok ziurtatu du EH Bilduk «lehendik dauden azpiegiturak hobetzearen eta modernizatzearen alde» egiten duela, eta Iradier Arenaren kasuan, «potentzial guztia ateratzea ahalbidetuko duen erreforma bat nahi dugu. EH Bilduk konpromisoa hartu du udal gobernutik Iradier Arena birgaitzeko ideien lehiaketa bat abiarazteko, gure kultur eta aisialdi eskaintza hobetzeko».

 

Ideia-lehiaketa horretan, aurkeztutako proiektuek, Gasteizko alkateordegai Unai Fernandez de Betoñok adierazi bezala, erosotasuna, eraginkortasuna, integrazioa, balioaniztasuna, kalitate akustikoa, osagarritasuna eta aurrekontua bezalako printzipioei erantzun behar diete. «Ideia-lehiaketa hori prestatzeko, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntza izan nahi dugu, baita kultura-sektoreko eragileena ere».

 

Aurkeztutako proiektuen balorazioa epaimahai aditu batek egingo du. Mahai horrek hiru proiekturik onenak aukeratu beharko ditu. Ondoren, aukeratutako hiru proiektuak aurkeztu eta jendaurrean jarriko dira. Prozesuaren amaiera herritarren esku geratuko da Iradier Arena erreformatzeko diseinua eta proposamena aukeratzea, kontsulta herritar sektorial baten bidez.