AKTUALITATEA


| 2023-11-09 11:31:00

EH Bilduk azaroaren 17ko osoko bilkurara eramango du Iradier Arena erreformatzeko eta erabilera anitzeko espazio bihurtzeko proposamen bat. Gainera, EH Bilduren Gasteizko bozeramaile Rocio Viterok adierazi duenez, «bere kokapen geografikoagatik eta ezaugarriengatik, Gasteizko kultura-, kirol- eta aisialdi-eskaintzan espazio oso interesgarria okupatzera deitua zegoen azpiegitura bat da. Baina, ireki eta ia 20 urte geroago, ez du erabilera anitzeko erreferentzialtasunik lortu, ezta etekinik ateratzeko programazio edo eskaintza koherenterik izan ere».


Hori dela eta, EH Bilduk ahalik eta lasterren Iradier Arena eraikinaren egoerari buruzko azterketa diagnostiko bat abiaraztea eskatzen du, haren gabezi estruktural eta teknikoak zehazteko. Unai Fernández de Betoño EH Bilduko zinegotziaren ustez, «Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoarekin, hiriko kultura-sektorearekin eta interesa duten herritarrekin lankidetzan aritzeko eta parte hartzeko bideak ireki behar dira ere, ahalik eta irismen eta adostasun handieneko erreforma bat zehazteko, eta, gutxienez, honako alderdi hauek kontuan hartuko dituena: erosotasuna eta klimatizazioa; kalitate akustikoaren hobekuntza espazio eszeniko gisa; intsonorizazioa ingurunean integrazioa hobetzeko; erabileren balioaniztasuna; eraginkortasun energetikoa; eta udalerriko gainerako ekosistema kulturalarekiko eta azpiegiturekiko osagarritasuna».


Horrela, EH Bilduk proposatu du, azterketaren ondorioak kontuan hartuta, eraikina eraberritzeko proiektuak aurkezteko ideia-lehiaketa baterako oinarriak prestatzea. «Esku-hartze integral eta handinahi baten unea da, eraikinak duen potentzial guztia aprobetxatu eta erabilera anitzeko espazio erreal bihurtu ahal izateko, bokazio eszeniko eta kultural argia izango duena», dio Viterok.


Jada eraikita dagoen eraikin batean proiektuari ekiteak erreforma baldintzatuko du, baina egoera horrek, EH Bilduren iritziz, «ahalik eta irtenbiderik onena diseinatzeko ateak irekitzen dizkigu, irudimena, ausardia eta ezagutza teknikoa beharko dituena. Eraldaketa bat izan behar du, gure kultura- eta aisialdi-eskaintza hobetzeko, eta ateak ireki behar ditu formatu ertain eta handiko ikuskizunak programatu ahal izateko, egun ez baitugu kalitatezko, edukiera zabaleko eta akustika oneko espaziorik».


Gainera, Viterok gogorarazi du hauteskunde garaian, EH Bilduk aldarrikatu bezala, hainbat taldek adostasuna adierazi zutela Iradier Arena erreformatzeko beharrarekin. «Asmo on horiek guztiak praktikan jartzeko eta Iradier Arena bokazio eszeniko eta kulturala duen benetako erabilera anitzeko espazio bihurtuko duen erreforma egiteko unea da», ziurtatu du bozeramaileak.