AKTUALITATEA


| 2024-07-09 08:58:00

Gasteizko Udaleko berdintasun politiketan PSEk eta EAJk egindako murrizketa salatu du gaur goizean EH Bilduk. Zehazkiago, Indarkeria Matxistaren aurka Borrokatzeko Planaren partida da, berez, 2024ko aurrekontuan 546.296€-ko zenbatekoa zuena eta, martxoaren 8az geroztik, %8 murriztu dena, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez. «EH Bilduk Udalean berdintasun politikak indartzea eskatzen duen bitartean, PSEk eta EAJk 42.543€ murriztu dute indarkeria matxistari aurre egiteko plana, aurrekontu osoaren %8. Eta, are gehiago, martxoaren 8an bertan egiten dute. EH Bilduk murrizketa hori berehala iraultzea eskatzen du, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako partiden murrizketekin amaitu behar delako jada. Erakunde honek zaindu egin behar du partida horiek ez direla murriztuko, eta aktiboki lan egin behar du partida horiek abiatzeko, beharrezkoa balitz, handitzeko ere».

Horregatik, EH Bilduk, uztailaren 19ko osoko bilkurara eramango duen mozio baten bidez, partida ekonomiko hori berreskuratzea eskatuko du. Izan ere, EH Bilduk murrizketa hori Ogasun batzordean ohartarazi zuen, baina arlo horretako zinegotziak berak ziurtatu zuen ez zela murrizten, baizik eta aurrerago berreskuratuko zela. L
au hilabete geroago, argi ikus daiteke ez dela halakorik gertatu, eta partida hori berreskuratzeko borondaterik ere ez dela izan, nahiz eta aukerak egon diren. Izan ere, EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, aurrekontu-gerakinak gehituz edo FOFELen bidez lortutako likidazio positiboaren bidez egin zitekeen. «Egia esan, Etxebarriaren gobernuak borondatea falta izan du berdintasunaren arloko murrizketak atzera bota eta dirua berreskuratzeko. Hitz-jarioen gainetik ekintzak daude».

Murrizketa hori
oso testuinguru zehatzean iritsi da, non, Emakunderen datuen arabera, 2024ko lehen hiruhilekoan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan, %20 igo diren indarkeria matxistaren arloan jarritako salaketak. Arabako kasuan, igoera %30ekoa izan da, eta Gasteizen, Udaltzaingoan jarritako salaketen kopuruak %24 egin du gora. «Horri gehitu behar zaio, zoritxarrez, arlo horretako delituen datuak ez dituela isilean, salaketarik gabe, jasandako indarkeriak jasotzen. Hala eta guztiz ere, kopuruak kezkagarriak dira. Indarkeria matxista da emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik gordinena. Eta hori gertatzen den bitartean, Udalean martxoaren 8an Berdintasunerako politikak indartzeaz hitz egiten duten Adierazpen Instituzionalak irakurtzen dira. Eta hala izan beharko lukeen arren, PSEk eta EAJk arlo honetan murrizketak egiten jarraitzen dute», ziurtatu du Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak.