AKTUALITATEA


| 2021-07-15 09:38:00

EH Bilduk, Eusko Legebiltzarrean duen taldearen bidez, «Gasteizko Alde Zaharreko Osasun Zentroaren lekualdaketa eta berregokitze lanei» buruz galdetu du. Jasotako erantzuna, ordea, onartezina da; izan ere, Osasun Sailaren arabera, «Gaur egun, Gasteizko Alde Zaharra Osasun Zentroa lekuz aldatzeko eta obrak egiteko proiektuak ez du lizitazio-prozesua hasi, Udalak ez baitu eraikinaren lagapena itxi». Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduko zinegotziak Urtarango gobernuaren jarrera pasiboari eutsi dio: «Udal osoko bilkurak, aho batez, akordio bat lortu zuen garai bateko ostatuaren eraikina Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eta, horrela, Osasun Zentro berria hartzeko. Baina bi urte geroago, Udalak ez du eraikinaren lagapena ere egin».


Hala, zinegotziak zentro berriaren beharra berretsi du, 2019ko osoko bilkuran agerian geratu baitzen, eta bi urteren ostean, murriztu beharrean, beharra handitu da, «COVID19ren agerpenak erakutsi du, are gehiago posible bada, osasuna lehen mailako gaia dela. Horregatik, EH Bilduk maila horretako arazo moduan tratatu behar dela uset du. Urtaranen gobernuari eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari berehala laga diezaiola ostatu zaharraren eraikina, Gasteizko Alde Zaharreko Osasun Zentroa har dezan behingoz».


Gaur egungo Osasun Zentroa kolapsatuta dago, handitzeko aukerarik gabe eta zerbitzua baldintza onenetan eskaintzeko aukerarik gabe. «Erabiltzaileek, auzokideek, pairatzen dute ondoez hori, eta zentro berri bat eskatu dute. Urtaran gobernuak ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu».