AKTUALITATEA


| 2024-10-07 09:15:00

EH Bilduk Ordenantza Fiskaletarako proposamen justuagoa eta progresiboagoa aurkeztu du. Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, «arreta eta babes soziala indartzeko, enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta trantsizio energetikoa eta mugikortasun jasangarria indartzeko baliabide ekonomiko egokiak sortzeko PSEk eta EAJk egindako proposamenari hainbat zuzenketa aurkeztu dizkiogu. Fiskalitate justu eta progresibo batean aurrera egin nahi dugu».


Hori dela eta, EH Bilduk zergak eta tasak eguneratzea proposatu du, Udalak udalerriak behar dituen eraldaketak gidatu ahal izan ditzan, herritarren ongizatea eta eskubideak bermatuz. «Herritarren beharrei erantzungo dien udal sendo bat nahi dugu, gizarte-babesa eta hobariak hobetuko dituena eta enpresa handiek udal-aurrekontuari egiten dioten ekarpena handituko duena. Bere nahikotasun ekonomikoa bermatzeaz gain, Udalak jendearen ongizatea bermatu behar duelako».


Hori esanda, Viterok azaldu du Ordenantza Fiskalei buruzko egungo eztabaida Hondakinei buruzko 7/2022 Legeak markatzen duela, zeinak 2025erako tokiko erakundeak behartzen dituen zaborra biltzeko zerbitzuaren kostu osoa ordaintzera. Gasteizko Udalaren kasuan, tasa horren bilketa bikoiztu beharko litzateke. «EH Bilduk bere gain hartzen du legezko agindua, baina uste dugu gobernuak proposatutako tasari progresibotasuna falta zaiola, eta atzerakoia dela kasu batzuetan. Horregatik, kostuen banaketa bidezkoagoa eta hobari-sistema erakargarriagoa defendatzen dugu».

 

Horrela, etxebizitzetako zaborren tasari dagokionez, Viterok proposatu du hiru tarteko sistema batetik bederatziko batera pasatzea, eta, gainera, etxebizitzaren tamainaren araberako koefiziente zuzentzaile bat aplikatzea. Ildo horretan, %10eko aparteko hobaria proposatzen dute bilketa-sistemarako datuak ematen dituzten etxebizitza guztientzat, beste %10 edukiontzi organikoaren irekiera-kopuruarekin lotuta, %20 konpostaje-programetan parte hartzen dutenentzat, eta %5 gehiago proposatutako hobari sozialen tarte bakoitzean.


Hala ere, lokaletarako zabor-tasari dagokionez, bozeramailearen esanetan, «PSEren eta EAJren gobernuak tasaren banaketa oso desorekatua proposatzen du, baita kaltegarria ere, bereziki negozio eta enpresa txikienentzat». Viterok adibidetzat jarri du 25m2 baino gutxiagoko denda arrunt bat 85€-tik 577€-ra pasatuko litzatekeela (%578 gehiago), eta 500m2 baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, berriz, tasa ez igotzeaz gain, murriztu egingo litzatekeela, eta 1.000m2 baino gehiagokoen kasuan, %50era jaitsiko litzatekeela. «Horren aurrean, EH Bildun sistema justuagoa eta progresiboagoa proposatzen dugu, egungo neurrigabekeria zuzenduko duena eta lokal handienak dituztenek egun baino gutxiago ordaintzea saihestuko duena, txikiei, berriz, gehiegizko karga jartzea ekidituz».


Hori esanda, Viterok azaldu du zaborren tasa nahitaez igotzeak Udalaren baliabide propioak %7 handitzea dakarrela, eta horrek 10 milioi euro liberatuko lituzkeela, orain arte zaborren zerbitzuaren defizita estaltzen zutenak eta orain beste erabilera batzuetarako erabil litezkeenak. «Herritarrei eskatzen ari garen ahalegina ikusita, uste dugu gainerako zerga, tasa eta prezio publikoen eguneraketak moderatuagoa izan behar duela herritar guztiei zuzenean eragiten dietenetan, eta gehien duten sektore ekonomikoek ekarpen handiagoa egin behar diotela eguneratze horri», adierazi du.


Hori horrela, EH Bilduk OHZren, Ibilgailuen gaineko Zergaren eta gainerako tasa eta prezio publikoen %3,25era eguneratzea proposatu du (zaborretan izan ezik). Eguneratze horren ondorioz, ia 5 milioi euro gehiago sartuko lirateke udalean; horietatik, hamar eurotik lau Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren igoeratik, ezaugarri berezien OHZren igoeratik eta EH Bilduk proposatzen duen etxebizitza hutsentzako %50eko errekargutik etorriko litzateke.


Ildo horretan, bozeramaileak adierazi du diru-bilketaren igoera horrekin batera, pertsonen (eta, zehazki, zaurgarrienen) babesean sakonduko duten neurriak hartu behar direla, hala nola OHZn LGStik beherako errentetarako zero tartea sartzea eta gainerako tarteak egungo LGSra eguneratzea. Horrela, herritarrei bi milioi euro inguru itzuliko litzaieke herritarrei hobarietan (orain arte baino % 25 gehiago). Gainera, EH Bilduk proposatu du komunitate energetiko berrientzako hobariak hiru urtetik bostera igotzea, EIOZen hobariak hobetzea eta zabaltzea, eta, kirol-tasen esparruan, gazteen tartea 30 urtera igotzea.