Koronabirus pandemiak (COVID-19) aurrekaririk gabeko erronka sanitario, sozial eta ekonomikoak ditu Europarentzat, eta ondorio sakonak ditu pertsonek mundu osoan bizi eta lan egiteko duten moduarentzat. COVID-19ak lan-merkatuan dituen ondorio guztiak oraindik ikusteke daude, baina biztanleriaren zati handi baten lan-etorkizuna mehatxatzen dute. Enpresentzako laguntza ekonomikoak eta fiskalak gaitu beharko dira, baina langileei beren prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetzeko beharrezko tresnak eskaintzeko unea ere bada, egoerari ahalik eta baldintza onenetan aurre egin diezaioten.
EH Bilduk Gasteizko Udalak eskaintzen duen e-learning prestakuntza-proposamena bide telematikotik zabaltzea proposatu du. Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko bozeramaileak doakotasuna aldarrikatu du ikastaro horietan parte hartzeko orduan: "Krisi larriko une honetan, Gasteizek pauso hori emateko garaia dela uste dugu, eta, egoerak irauten duen bitartean, ikastaro horiek doan eskaintzeko garaia". Era berean, 'zerbitzuaren erabileraren' alderdi batzuk aldatzeko beharra ikusten du. Adibidez, bi ikastaro aldi berean egiteko aukera ematea eta ziklo akademikoan egin beharreko ikastaroen kopurua ez mugatzea. Ziklo akademikoa abenduan amaitzea proposatzen du, eta ez uztailean, hitzartuta dagoen bezala.
Gainera, Larrionek ‘gela birtual’ bat sortzearen alde egiten du, besteak beste, streaming bidezko online saioak abian jartzeko, prestakuntza etxera ahalik eta modurik errealenean hurbiltzeko. "Hiri hezitzaile tradizionala digitalizatu egin behar da egungo erronkari erantzuteko", zehaztu du bozeramaileak.
EH Bilduren ustez, hirugarren jarduera-ildoak prestakuntza-eskaintza zabaltzea izan behar du, eta, horretarako, enplegurako eta jarrera ekintzailerako konpetentzia digitalei buruzko doako prestakuntza-programa bat eskaini behar da. "Programa hori pertsona guztiei zuzenduta dago, eta haien trebetasun digitalak hobetzea bilatzen du; orainean zentratutako ikastaroak dira, inor atzean gera ez dadin", azaldu du Larrionek. Prestakuntza-eskaintza, batez ere, eskaera handieneko arloetan zabaldu behar da, hala nola ikaskuntzan, komunikazioan, web-sorkuntzan, programazioan eta fabrikazio digitalean.