AKTUALITATEA


| 2026-03-13 09:47:00

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari eskatuko die Gasteizko hegoaldeari zerbitzua emateko eta egungo anbulatorioa ordezkatzeko osasun zentro berriaren proiektuaren idazketa lehenbailehen abiatu dezala, 2025-2032 Osasun arloko azpiegitura eta ekipamenduen programan aurreikusitako epeak ahalik eta gehien aurreratzeko helburuarekin. Izan ere, Gasteizko EH Bilduko bozeramailare Rocio Viterok adierazi duenez, epeak «gehiegizkoak» dira eta ez diete auzokideen beharrei erantzuten.

 

«Hegoaldeko bizilagunek premiaz behar dute Osasun Zentro berria, egungoak goia jo duelako jada eta ez delako nahikoa kalitatezko osasun arreta bat bermatzeko. Hortaz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzen diogu epeak bizkortu ditzala eta auzokideen beharrei erantzungo dien anbulategi berria martxan jar dezala lehenbailehen, iraganeko akatsak errepika ez daitezen, Alde Zaharreko anbulategian gertatu bezala», esan du Viterok.

Ekipamendu berria egiteko iragarritako epeak asko luzatzen dira denboran, eta, bitartean, egungo Olarizuko osasun zentroaren egoera nahiko prekarioa da. Izan ere, Olarizuko osasun zentroak Gasteiz hegoaldeko Adurtza, San Cristobal, Errekaleor, Salbatierrabide eta Goikolarrako auzoei ematen diela arreta, guztira, 20.000 pertsonatik gora dira, eta horren aurrean osasun zentroak gainezka egin du, profesionalek eta auzokideek salatu bezala. Beraz, osasun behar askotarikoak ditu, belaunaldi eta adin ezberdinetako jende asko bizi direlako inguru horretan.

Horregatik, EH Bilduk aipatutako epeen bizkortzeaz gain, osasun zentro berria eraikitzeko lursailak atzemandako beharrak asetzeko tamaina egokia izatea eskatuko du ere. Zentzu horretan, «arreta emango duen zonaldearen erdigunean kokatzea inportantea da, eta garraio mota ezberdinetan gerturatzeko irisgarritasun irizpideak betetzea ere», azpimarratu du Viterok.

Eskakizun horiei bide emateko, EH Bilduk Legez Besteko Proposamena erregistratu de Eusko Legebiltzarrean.